Ainhoa Murua eta Mikel Arrasate izan dira Zumaiako Triatloiko azkarrenak

Mireia Galarza Bastida 2025ko ira. 6a, 19:30

Nesken podiuma. (Mireia Galarza Bastida)

Bigarren postuan sailkatu dira Ane Gurtubay eta Joanes Goitisolo. Hirugarren postuak, aldiz, Eneritz Urrutia eta Aimar Muruarentzat izan dira. Kadeteei dagokioenez, Markel Ortiz de Pinedo eta Maier Miota nagusitu dira.

Bero sapa ikaragarriarekin jokatu dute gaurkoan 400 kirolarik Zumaiako Triatloi Taldeak antolatutako Zumaiako Triatloia. 16:00 puntu-puntuan hasi da proba, eta esprint modalitatean gizonak izan dira uretara sartzen lehenengoak. Handik gutxira maila horretako emakumezkoen, kirolari egokituen eta kadete mailako supersprint modalitatekoen txanda izan da. 

Parte hartzaileek, proba nagusian, 750 metro igerian, hogei bizikletaz eta bost korrika egin behar izan dituzte, eta distantzia erdia, berriz, kadeteek eta kirolari egokituek. Asko izan dira parte hartzaileak, baina gutxi batzuk lortu dute podiumera sailkatzea. 

Esprint modalitatean iazko irabazle Mikel Arrasate (56:10) eta Ainhoa Murua zarauztarra (01:07:43) izan dira azkarrenak, eta bigarren postuan sailkatu dira Ane Gurtubay (01:08:47) eta Joanes Goitisolo (57:27). Hirugarren postuak, aldiz, Eneritz Urrutia (01:11:21) eta Aimar Muruarentzat (57:39) izan dira. Modalitate horretako paratriatleta azkarrena Aitor Oleaga izan da.

Gizonezkoen podiuma. (Mireia Galarza Bastida)

Kadete eta kirol egokituko mailei dagokioenez, Markel Ortiz de Pinedo (36:49) eta Maier Miota (36:38) nagusitu dira bertan. Bigarren helmugaratu dira Malen Arano (37:23) eta Danel Conde (38:57), eta hirugarren egin dute Naiara Saez de Jauregik (37:34) eta Eneko Calderonek (40:40). Kirol egokitukoen kasuan, Garazi Legorburu eta Alain Irazu izan dira azkarrenak. 

Gukak bihar argitaratuko ditu kirol probako argazki galeria eta bideoa. 

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide