Gaur 25 urte dira ETAk Joxe Mari Korta hil zuela. Egun berezia al da zuretzat?
Bai, noski. Urtero izan da egun berezia abuztuaren 8a; ez dugu ahaztu gertatu zena.
Nola oroitzen duzu egun hura?
Oporretan nengoen. Lagun batekin ibiltzen nintzen bizikletan, eta hari deitu nion, baina esan zidan kanpoan zela eta ezin zuela etorri. Hori dela eta, bakar-bakarrik abiatu nintzen Igeldora, eta hara nijoala koinatuak deitu zidan. Bizikletan nijoanean ez nuen telefonoa hartzeko ohiturarik, baina segi eta segi egin zuen, eta hartu egin nion. Hala esan zidan: "Joxe Mari hil ditek. Oraintxe ari dituk telebistan ematen". Zer egin ez nekiela gelditu nintzen, eta Igeldoraino jarraitu nuen. Neure buruari "hi tontoa al haiz!" esan nion halako batean, eta bira eman eta etxera itzuli nintzen. Dena hasi zen orduan; familiarekin egon nintzen, ezagutzen ez nituen Joxe Mariren lagunekin... Egun berezia eta gogorra izan zen oso.
Oso laguna zenuen, ezta?
Bai, oso-oso laguna; lagun minetako bat. 1958an ezagutu ginen, Donostiako seminarioan ikasle ginela. Bera arroakoa eta ni aizarnakoa, gertukoak ginen, eta familiek ezagutzen zuten elkar. Nik, bere aita bai, baina bera ez nuen ezagutzen. Oso-oso lagun egin ginen seminarioan, eta hil zen arte harreman handia izan genuen.
Korta hil eta hilabete batzuetara Bidetik fundazioa sortu zenuten; 25 urteotan zu izan zara bozeramailea. Zer nahirekin sortu zenuten?
Bidetik sortu genuen gauza batzuk argi utzi nahi genituelako. Hasteko, Joxe Mari gertu sentitzeko. Familia handia zuen hark, eta lagunak ere asko zituen. Elkartu eta segituan pentsatu genuen fundazioa sortu behar genuela, Joxe Mariren balioak-eta zabaltzeko. Izan ere, gizon handia eta garrantzitsua zen, bere gauza onekin, eta akatsak ere egingo zituen. Baina Euskal Herriarekin guztiz konprometitua zegoen, izugarria zen horretan. Korta obsesionatuta zegoen Euskal Herriak aurrera egitearekin eta horretarako jendea prestatzearekin.
Zergatik hautatu zenuten Bidetik izena?
Hark esaten zuen egiazko aurrerapenik izango baldin bazen, teknikaz haratago, ezinbestekoa zela lanean balio etikoak lantzea. Horregatik deitu genion fundazioari Bidetik, bide horri jarraipena eman nahi geniolako.
Zertan jardun duzue urteotan?
Heziketa, ondo egindako lana, ahalegina eta solidaritatea ziren Joxe Mariren obsesio nagusiak. Enpatia handiko gizona zen, eta jenio bizikoa ere bai, nahiz eta ikasia zuen hori ondo kontrolatzen. Gure txikian zertara dedikatuko ginen erabaki genuen, eta oinarri batzuk argi utzi genituen. Batetik, zehaztu genuen fundazioa ez zela sekula ez zela alderdi politiko baten esanetara jarriko. Izan ere, hiritar gisa izan dezakezu proiektu politiko bat beste bat baino nahiago, baina biktima gisa ari zarenean, zure mezuak unibertsalki onargarria izan behar du beti. Fundazio baten jokabideak prepolitikoa izan behar du. Joxe Mariren lagunak baziren, adibidez, diputazioan; ahaldun nagusia [Roman] Sudupe zen orduan, eta lagunak ziren, baina esan genion hari fundazioan ezin zutela sartu kargu politikoek. Izan ere, Euskal Herrian joera handia dago alderdi batek edo bestek biktimak erabiltzeko. Bestalde, biktimak injustiziaren ondorioz dira biktima, ez zorte txarrak eraginda. Horiek garbi utzi genituen, eta dekalogo bat ere osatu genuen.
Hainbat proiektu lagundu dituzue urteotan.
Joxe Mariren balioak ahalik eta gehien zabaltzea zen gure xedea, eta hura kirozalea zenez, Zumaian bizi zenez, eta han txirrindularitza talde bat bazenez, laguntzea erabaki genue. Ez, ordea, irabazleak sarituz edo lagunduz; urteetan talde lana, saiatzea eta esfortzua saritu izan ditugu. Horrez gain, Lanbide Heziketan ere egin ditugu urratsak; Gipuzkoako hainbat lanbide eskolatan etika eta teknika uztartzeko sortutako proiektuak lagundu ditugu urteetan. Halaber, fundazioaren jarduna 25 urte egitean utziko genuela erabaki genuenean, Lanbide Heziketako ikasleentzako bekak ere sortu genituen. Orain, fundazioaren bidea bukatutzat emango dugunez, dirua Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku lagako dugu, ikasleei laguntzeko bekekin jarrai dezan; urtero bi beka ematen segituko du. Zentzu horretan bizirik segituko du fundazioak, nahiz eta talde bezala ibilbidea bukatu.
Fundazioak gaur bukatuko du 25 urteko ibilbidea. Helburuak bete al dituzue?
Baietz esango nuke. Talde bezala, gure txikian, nahiko pozik gaude. Ez dugu mundurik arreglatu, baina gure eginkizunak bete ditugu, zintzo jokatu dugu, errespetatuak izan gara eta askok lagundu digute. Talde politiko bakar batek ere ez du gu erabiltzerik nahi izan, edo ez du, behinipein, horretarako inolako pausorik eman. Gehiago esango dut: bizikidetzarako funtsezkoak ziren pauso batzuetan, adibidez, urtero Kortari hil zuten lekuan egiten genion omenaldira joateko baimena eskatu ziguten aurreneko aldiz ezker abertzale ofizialekoek, [Martin] Garitano ahaldun nagusi zenean. Baldintza batzuk jarrita, onartu egin genien eskaera, eta geroztik, joan izan ziren; normalizatu egin zen hori ere. Pausoak zintzo eman ditugula uste dut, eta bidea bukatzera goaz, alde horretatik, pozik, eta harro ere bai. Eskerrak eman nahi dizkiet fundazioa errespetuz eta laguntzaz tratatu duten guztiei.
25 urteotan asko aldatu dira gauzak euskal gizartean. Askotan hitz egin duzu bakearen aldeko solasaldietan-eta. Zergatik da garrantzitsua halako ekarpenak egitea?
Noski. Euskal Herrian aurrera goazela uste dut. Mundu mailari dagokionez ez daukat sentipen bera, baina Euskal Herrian, eta indarkeriari dagokionez, aurrera goaz. Dena den, oraindik ere, egiteko handia daukagu. Euskal Herrian indarkeria errazegi banalizatu da, ETAren eta GALen garaietan. Zerbait gaizki dago eta mingarria da nire taldekoei edo aldekoei egiten baldin badiote, baina ez du inolako garrantzirik besteei egiten badiete, eta hori justifikatu ere egin daiteke. Ikuspegi hori negargarria da gaurko egunean; elkarrekin biziko baldin bagara, garbi eduki behar dugu eta gazteei garbi adierazi behar zaie indarkeria ezin daitekeela politikoki erabili, politikoki erabilitako indarkeria ezin dela inolaz ere etikoki justifikatu eta ez zaigula halakorik komeni.
Heziketa da gakoa, beraz?
Elkarrizketa zintzoaren bidez ikasi behar dugu gizarte anitza izaten, ze gizartea oso anitza izango da. Euskal Herriko gizarteak arazo dezente izango ditu, batez ere kulturari dagokionez; izan ere, kanpotarrak gero eta gehiago behar ditugu eta gero eta gehiago hartuko ditugu, eta ondorioz, ez zaigu erraza egingo euskal kultura mantentzea. Hori dena gazteei ondo adierazi behar zaie. Gazteen heziketa da gure egitekorik garrantzitsuenetakoa, eta ausartak izan behar dugu horretan, garai batean baino askoz ere balienteagoak. Gaur egungo gazte berriei hitz egin egin behar zaie, adierazi egin behar zaie, esan egin behar zaie; haiek jakin egin behar dute frankismoa zer izan den, estatu indarkeria zer izan den, ETA zer izan den. Horien bueltan ikuspegi desberdinak egon daitezke, baina isiltasunak ez du ezer konpontzen.
Isiltasuna izan al da nagusi urteetan?
Bai. Urteetan hitz egin izan da ingurukoekin edo zure ikuspegi berdintsua zuenarekin. Zenbat familiatan edo kuadrillatan ez da hitz egin batere horretaz? Bakoitzak bere ikuspegia du, eta kito. Baina ikuspegi horrek ez du bizikidetzarako batere laguntzarik ematen.