Zumaiako txirrindularien maila handia erakusten duten bi albiste jakin dira aste berean. Aitor Agirre denboraldia amaitu arte Euskaltel-Euskadi taldean arituko dela jakin zen pasa den astelehenean. Orain, berriz, Maite Urteagak egingo du salto Laboral Kutxa-Euskadi taldera. Agirre bezala, Urteaga ere stagiaire gisa arituko da denboraldia amaitu arte. Hau da, talde morearekin egingo ditu lasterketa batzuk zumaiarrak.
Hala iragarri berri du Euskadi Fundazioak. Urteagarekin batera, Irati Aranguren usurbildarrak ere salto egingo du Laboral Kutxa-Euskadi taldera. Mugimendu hori "inguruko txirrindulari gazteek kirol-ametsak egitura profesional batean bete ahal izateko atea izateko filosofian" sartzen dela ere azpimarratu du fundazioak.
"Irati eta Maite harrobiko txirrindulariak dira, eta ibilbide ezberdina izan duten arren, biek irabazi dute aukera hau", nabarmendu du Ion Lazkano, Laboral Kutxa-Euskadi taldeko kirol arduradunak. Haren esanetan, txirrindularitzan berria bada ere, Urteagak "etorkizun ederra" duela uste du, eta bai berak, baita Arangurenek ere, abuztuan eta irailean lehiatuko ditugun lasterketetan errendimendua erakusteko aukera izango dute. "Gu benetan pozik gaude aukera hau emateagatik eta etxeko txirrindularien aldeko apustua egiten jarraitzeagatik, baita euskal emakumezkoen txirrindularitzan harrobiko lana sustatzeagatik ere", adierazi du Lazkanok.
Maite Urteagaiaz hasi zen txirrindularitzan lehiatzen, Zarauzko Grupo Eulen-Nuuk taldearen eskutik, mendi lasterketetatik eta triatloitik etorrita. Aurten, jauzi nabarmen eman du, Granadako Espainiako Txapelketetan erakutsi zuen bezala, zazpigarren erlojupekoan eta bederatzigarren ordekako proban; Euskaldun Txapelketa eta Emakumezko Gipuzkoako Itzulia irabazi ditu, Espainiako Kopan laugarren sailkatzeaz gain.