Umorerik ez zaio falta Anton Egiguren (Zumaia, 1946) artistari. "Nire agurreko erakusketa da hau. Beno, esaten dute beti diodala hori... eta egia da. Baina, bai, hau izango da azkena. Izan ere, dudan adinarekin, zer gehiago dut ba erakusteko?", dio, aurpegi serioarekin, baina ahoan irribarrea igartzen zaiola.
Ostiralean zabalduko du Egigurenek erakusketa berria Zumaiako Alondegiko Oxford aretoan, 19:00etan. "Hurrengo egunean, larunbatean, 79 urte beteko ditut. Erakusketa ez dator urtebetetze borobil batekin, ez ditut 80 urte beteko, baina ez dago gaizki, ezta?", dio aretoan bertan, besaulkian eserita.
Ez du lehenengo erakusketa Zumaiako aretoan. Duela urte batzuk ere erakutsi zituen bere lanak Oxforden bertan, eta orduan lan handiak, luzeak, eraman zituen Alondegiko aretora. "Banekien nire koadroak ez nituela salduko. Gaur egun apenas erosten den arterik. Orduan, koadroak zatika saldu nituen; bakoitzak nahi zituen zatiak eros zitzakeen". Galdetuta ea erakusketa honetan ere antzerako zerbait egingo al duen, ezetz dio Egigurenek, baina bai zerbait berria proposatuko duela, "nahiz eta ezer berririk ez den egiten gaur egun; dena eginda dago aurretik". Artea hala ikusten badu, bere lanaren iritzi hori badu, zergatik egin beste erakusketa bat? "Bada, eskatu egiten didatelako", dio murrikaz.
Azken urteetako lana
Hala, abuztuko erakusketarako margo, marrazki eta argazkien bilduma prestatu du, denak ere azken urteetan egindakoak. "Lan hauek ez dira aurretik erakutsi. Tarragona hiriko [Herrialde Katalanak] erakusketa bat dut martxan azken pare bat hilabetetan, baina honekin ez du zerikusirik".
Argazkigintzan egin zen famatu Egiguren, modarako eta zinemarako egindako lanekin. Hura izan zuen ogibidea, eta erretiroa hartua badu ere, argazkiak ateratzen jarraitzen duela dio. "Nolabait esatearren, argazki surrealistak ateratzen ditut, eta horiek erakutsiko ditut erakusketan".
Hilaren hasierarekin batera zabalduko duen mostran marrazkiak ere bisitarien begi aurrean jarriko ditu. "Koadro bat egin aurretik, haren zirriborroa egiten dut, marrazki bezala, txikian. Bada, halako marrazkiak handian egin ditut, eta erakutsi egingo ditut". Marrazki edo zirriborro horietako bat erakutsiko ote duen zalantzak dituela dio artistak. "Ez beldurra ematen didalako, ikusleari errespetua diodalako, baizik". Haurrek egiten dituzten marrazkien zalea dela ere esan du. "Umeen marrazkiekin, tamaina handian jarrita, erakusketa polit bat egin ahal izango litzateke", dio umoretsu.
Horri guztiari bere artelanen proiekzioa gehituko zaio. Aretoaren eskuinaldeko horman proiektatuko ditu bere lanak. Proiekzio desberdinak izango direla ere azaldu du, "bisitariak zerbait ezberdina ikus dezan behin barruan dela".
Lanak sortzerakoan errutinarik ez duela ere esan du Egigurenek. Ez dio arteari egunero denbora jakin eta konstante bat eskaintzen. Ideien edo inspirazioaren arabera egiten du lan, eta ideia bat duenean lanean jarri eta denboraren nozioa galtzen duela azaldu du artistak.
Egigurenen erakusketa abuztuaren 17ra arte izango da ikusgai Oxford aretoan, egunero, 18:30etik 20:30era. Asteburu eta jaiegunetan eguerdietan ere zabalik izango da, 12:30etik 14:00etara.