Urolako itsasadarrean ez bainatzea gomendatzen zuen mezua plazaratu zuen pasa den aste hasieran Zumaiako Udalak. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak egindako neurketek ondorioztatu zuten uraren kalitatea ez zela bainurako egokia. Horren harira, Eguzki talde ekologistak ohar baten bidez azaldu du Zumaiako uretan gertatzen ari dena ez dela industria isurketa baten ondorioa, hiri isurketa batena, baizik. "Ur beltzak edo kakak eta pixak, argiago esate aldera". Taldearen ustetan, kutsaduraren iturria Oikian egon daiteke, edo, hobe esanda, Oikia saneamendu sarera konektatu ez izanaren ondorioa da egunotan errioan gertatutakoa.
Ura agentziaren iritzia jarri du Eguzkik mahai gainean. Oikiako saneamenduak ahalbidetuko luke Urolan beherako kutsadura “nabarmen” arintzea eta egoera ekologikoa hobetzea, eta, ondorioz, bainatzeko urak ere osasungarriagoak izango lirateke", dio oharrean. Eguzkik dioenez, Oikiako saneamendua, "beranduenez, 2011rako bukatuta egon behar zen. 2010ean proiektu bat eta guzti idatzi zen, baina ez zen gauzatu, Jaurlaritzak ez zuelako bete lanok %100ean finantzatzeko hartu zuen konpromisoa". Denboran aurrera eginda, proiektua abiarazteko asmo desberdinak izan dira, baina gaur gaurkoz ez da haren inguruko lanik egin.
Ura agentziak 2022an diseinatu eta jendaurrean jarritako proiektuak Oikiako eta Oikiapean dagoen Xey industialdeko hondakin-urak biltzea eta Basustako araztegira bideratzea ahalbidetuko lituzke. Lan haiek 4,5 milioi euroko aurrekontua eta 11 hilabeteko epea izango zutela gogoratu du talde ekologistak. Behin lan horiek eginda, Aizarnazabalgo hondakin urekin eta antzera jokatzea ahalbidetuko lukeela uste zuen bere unean Urak. "Aizarnazabalgo hondakin-urak ere gaur egun ibaira isurtzen dira", azaldu du Eguzkik.