1975eko abuztuaren 5ean sortu zen Zumaiako arraun elkartea, hasiera batean Aita Mari arraun elkartea izenarekin. Izen horrek Jose Maria Zubia Aita Mari izenaz ezagutzen zen zumaiar arrantzale ausartari egiten zion omen. Aita Mari 1809ko martxoaren 15ean jaio zen Zumaian, arrantzale familia batean. Gaztetatik itsasoari lotua, Donostiako arrantzontzi batean aritzen zen lanean, eta bere bizitzan zehar hainbat ekaitz gainditu eta itsasontzi askotako marinelak salbatu zituen. 1866ko urtarrilaren 9an irten zen azkenekoz beste ontzi bati laguntzera, han bizia galdu baitzuen.
Ausardi horrek herriaren oroimenean leku berezia eman dio Aita Mariri. Horren adierazgarri dira haren izena daramaten herriko hainbat espazio: zinema aretoa, futbol zelaia, auzoa, kalea eta arraun elkartea bera. Gainera, haren omenezko busto eta oroitarriak daude bai Donostiako kaian, baita Zumaiakoan ere, haren balentria gogorarazteko.
Arraun elkarteak kirola eta gastronomia uztartzen zituen hasiera batean, eta bi esparru horiek eskutik helduta joan ziren urte luzez klubean. Hala ere, 2007ko batzar batean bi arloak bereiztea erabaki zuten: gastronomiari lotutakoak Aita Mari izenarekin jarraitu zuen, eta kirol taldeak Telmo Deun izenpean segi zuen bere jardunarekin 2011tik aurrera, itsasgizonen zaindariaren izena hartuz.
Beraz, gaur egungo Telmo Deun arraun elkartea ez da soilik 1975ean sorturiko klub baten jarraipena, Zumaiako identitatearen eta memoria kolektiboaren isla da; itsasoa eta arrauna uztartuz, Aita Mariren balioak belaunaldi berrietara eramaten dituen proiektua.
1978an eraiki zuten lehen trainerua, Telmo Deun izenekoa; ontziak ere arrantzaleen eta nabigatzaileen zaindariaren izena hartu zuen, beraz. Izen horrekin hasi ziren lehiatzen arraun estropadetan, eta pixkanaka, Euskal Herriko traineruen panoraman lekua egiten hasi ziren.
Lehen bandera 1981ean eskuratu zuten, Bilboko Udalaren Bandera, eta hortik aurrera goranzko joera hartu zuen euren ibilbideak. Baina, zalantzarik gabe, 1984a izan zen urterik gogoangarriena. Denboraldi hartan parte hartu zuten estropada guztiak irabazi zituzten Telmo Deuneko arraunlariek, guztira hogei bandera pilatuz. Besteak beste, Kontxako Bandera, Zarauzko Ikurrina, Nerbioi Saria eta Espainiako Estatuko txapelketa batu zituzten garaipenen zerrendara. Historiako une gozoenetako bat izan zen hura, oraindik ere herrian gogoratzen dutena.
Hiru urte geroago, 1987an, bigarren Kontxako Bandera lortu zuten. 1980ko hamarkada, beraz, elkartearen urrezko garaia izan zen. Urte horietan taldeak egindako lan nekaezinak eta entrenamendu zorrotzek fruituak eman zituzten. Traineru estropadetako lehen garaipen handiak iristeaz gain, maila goreneko talde bihurtu zen Euskal Herriko zein Espainiako Estatu mailako estropadetan. Hamarkada horretan, ehun bandera inguruko palmaresa osatzera heldu ziren.
Elkartea sasoi betean heldu da bere 50. urteurrenera. Bi traineru nagusi ditu, emakumezkoena Eusko Tren ligan eta gizonezkoena KAE 2 ligan
2005ean, Telmo Deunek Liga Vasca irabazi zuen, eta horrekin batera goi mailara egin zuen jauzia: San Miguel liga edo ACT liga izenez ezagutzen denera. Harrezkero, bertan jardun du, une gorabeheratsuekin, baina beti determinazio handiz.
Emakumeak ere bai
Geroago, Telmo Deunek emakumezkoen arrauna ere elkartearen parte bihurtzea erabaki zuen, eta horrek ere eman ditu bere fruituak. 2008. urtean emakumezkoen trainerua uretaratzea lortu zuten, Getariarekin lankidetzan. 2009an, berriz, Zumaiak bakarka osatu zuen emakumezkoen trainerua, eta klubarentzat esperientzia garrantzitsua izan zen hori. 2013an emakumezkoen batelak Kontxako estropada irabazi zuen, 2014an bigarren geratu zen, eta 2015ean hirugarren. Emakumeen ekarpena nabarmena izan zen garai hartan, bai kirolari dagokionez, bai elkartearen dinamikan ere.
Hala ere, 2015ean emakumezkoen trainerua lehorreratzea erabaki zuten, hainbat zailtasunen ondorioz. Trainerurik gabe, emakumezkoen taldea desagertu egin zen lehiaketetatik, eta horrek hutsune nabarmena utzi zuen elkartean.
Urteak pasatu ahala, hainbat saiakera egin zituzten emakumezkoen arrauna berpizteko, eta bateletan edota trainerilletan aritzeko aukera sortu zitzaien, baina traineruaren mailara jauzi egitea ez zuten lortu. Arraunlari ohi eta gazte batzuen interesak eta gogoa mantendu ziren itzalean, baina baliabide eta egiturarik gabe, proiektua ez zen berriro abiarazi.
Dena den, luze gabe etorri zen itzulera. 2019an emakumezkoen trainerua berreskuratu zuten, eta urte hartan bertan ETE ligan lehiatu ziren arrakastaz, bigarren postua eskuratuz. Ondorengo urteetan, taldeak erronka handiei egin behar izan zien aurre: belaunaldi aldaketa, arraunlari gazteen egonkortasuna eta jarraipena ziurtatzeko lana… Hala ere, taldeak uretan irautea lortu zuen.
2024an, Telmo Deunek kanpaina bat abiatu zuen emakumezkoen traineruari indar berria emateko. Proiektuak oihartzun handia izan zuen Zumaian eta inguruko herrietan. Azkenean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza ekonomikoari eta herritarren parte hartzeari esker, traineru berria eskuratu zuten, eta 2024ko maiatzean emakumezkoen traineruak berriz uretara egin zuen jauzi, ilusioz eta anbizioz beterik.
2024ko itzulera hura abiapuntu garrantzitsua izan zen, baina taldeak argi zuen ez zela nahikoa trainerua uretan izatea. Nortasun propioa eraiki nahi zuten, beren izen, historia eta ahotsarekin. Horrela, urte honen hasieran, emakumezkoen traineruaren izena aukeratzeko prozesu parte hartzailea jarri zuen martxan Telmo Deun elkarteak.
Arraunlariek eta zuzendaritzako kideek bazkideekin harremanak estutzeko aukera ikusi zuten testuinguru horretan. Jule Egigurenen (Zumaia, 1999) hitzetan, zuzendaritzan sartzearekin batera bazkideengana jotzea aukera ederra iruditu zitzaien, eta txalupa berria zutela aprobetxatuz, izena aldatzeko une egokia zela pentsatu zuten. Bazkideek proposatutako izenen artean, Saregileak hautatu zuten. "Emakumeekin zerikusia duen lanbidea da, eta itsasoarekin duen loturarengatik egokia iruditu zitzaigun", azaldu du Egigurenek.
Emakumezkoen arraunak gaur egun oraindik erronka handiak ditu aurrean. Egigurenek onartu bezala, arazo nagusietako bat talde egonkor bat osatzea da: arraunean jarraikortasuna izatea, urteak emango dituen talde bat sortzea. Talde askotan, Zumaiakoa barne, jende oso gaztea aritzen da arraunean, eta horrek zaildu egiten du txaluparen egonkortasuna, sakrifizio handia eskatzen duen kirola delako. Bestalde, gizartean eta hedabideetan gizonen arraunak presentzia handiagoa du, eta emakumezkoen lorpenak sarri bigarren mailan geratzen direla salatu du: "Askotan motz geratzen dira neskei buruz hitz egiteko garaian".
Hala ere, baikor ageri da Egiguren, eta Telmo Deun elkartearen barruan emakumeen arraunari benetako garrantzia ematen zaiola azpimarratu eta emakumezkoen trainerua mantentzeko klubaren konpromisoa ukaezina dela aitortu du. Egoera konplexua izan arren, arraunlariak topatu eta taldea osatzen jarraitzea lortzen dute. Horregatik, etorkizuna ez du beltz ikusten, baina garbi utzi du egonkortasuna eta aitortza izango direla hurrengo urteetako erronka nagusiak.
50 urteko itsas bidaia
Telmo Deun arraun elkartea sasoi betean heldu da bere 50. urteurrenera. Bi traineru nagusi ditu, emakumezkoena Euskotren ligan eta gizonezkoena KAE 2 ligan. Guztira 62 arraunlari eta 202 bazkiderekin, elkarteak garai egonkor eta sendoa bizi du. Iñaki Aristi (Zumaia, 1994) presidentearen esanetan, urteurrena ospatzeko "une aproposa" da, baina batez ere "elkartearen oinarriak indartzen jarraitzeko aukera bat".
Aristik argi dauka zein den gaur egungo erronketako bat: emakumezkoen traineruak lehen mailara egindako igoera baliatzea, maila horretan lehiatzeko moduko talde egonkor bat osatzea eta Kontxako sailkapen estropadan lehiatzea. Gizonezkoen trainerua, bestalde, KAE 2 ligan ari da, eta lehen postuetan bukatzea dute helburu nagusi, lehen hiru edo lau postuetan sailkatzea "ederra" litzatekeelako.
Harrobiko lanean, berriz, etengabeko erronka da jende gehiago erakartzea, batez ere belaunaldi berriak, eta inguruko herrietatik jasotzen duten laguntza ezinbestekoa bihurtu da horretarako. "Harrobia" hitza entzutean, Aristik bailara osoa aipatzen du: Azpeitiko, Azkoitiko, Zestoako, Itziarko edota Errezilgo gazteak dira sarritan traineruetan lekua betetzen dutenak. Hori dela eta, Urola harrobia izeneko txalupa bat ere badu Telmo Deunek.
Herriarekin duten harremana estua da, eta elkartearen esanetan, Zumaian arraunak badu tokia herri nortasunean. Hala ere, Aristik dio zaleen babesa emaitza onekin agertzen dela gehienbat, eta egunerokoan familiakoek osatzen dutela batez ere estropadetako publikoa. Hori horrela izanda, elkarteak ahalegin berezia egin du 50. urteurrena ospatzeko, herritarrek gehiago parte har dezaten. Hainbat saltokitan erakutsiko dituzte elkartearen bandera esanguratsuenak (tartean Kontxakoa, Zarauzkoa eta Zumaiakoa), eta urrian, bazkari herrikoi bat egin nahi dute arraunlari ohi, bazkide eta zaleekin. "Herria kutsatu dadin", Telmo Deun markako arropa sorta ere jarri dute salgai aurten.
Balioen inguruan galdetuta, presidenteak "diziplina eta konpromisoa" jartzen ditu lehen lerroan. Arraunak, haren esanetan, taldearekiko erantzukizuna dakar, eta ezinbestekoa da entrenamenduetara joatea, bestela talde osoari kalte egiten zaiolako. Helduek hori gehiago barneratuta dutela dio, baina gazteek ere "lan ederra" egiten dutela nabarmendu du.
Laguntasuna eta taldeko espiritua dira elkartearen beste zutabe batzuk, eta horietan oinarrituta, eguneroko lana urtetik urtera hobetzea da helburu nagusia. Ez da plangintza luzeko egitasmo bat, arraunean, lana egunetik egunera egiten baita.
Aristirentzat Telmo Deun ez da elkarte hutsa: "Niretzat bigarren etxea da. Bizipen on asko eman dizkit, jende on asko eta lagun on asko ezagutzeko aukera". Hitz horiek agerian uzten dute zer den Telmo Deun elkarteko kide izatea: itsasoa bizimodu izatea, konpromisoa eta talde lana oinarri hartuta.