Euskal Herri osotik etorritako artisauak lanean ikusteko eta haien produktuak erosteko aukera izango da igandean Zumaian. 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara bitartean Zumaiako artisau azoka egingo dute Eusebio Gurrutxaga plazan.
Udaleko Kultura Sailak jakitera eman duenez, 31 postu jarriko dituzte guztira, eta horietatik erdia, hamabost, herriko sortzaileena izango da. Bitxiak, mantalak, adarrak, poltsak, xaboiak, paperezko eta egurrezko produktuak eta bestelakoak aurkituko dituzte bihar plazara inguratuko direnek.
Herritik kanpo etorritako artisauek ere lekua izango dute Zumaiako azokan hainbat produkturekin; hala nola, egurrezko jostailuak, esku-pilotak, sendabelarrak, forjazko produktuak, kosmetika eta larruz egindako zapata postua ere izango da aurtengoan.
Noski, jatekoak eta edatekoak ere ez dira faltako, hau da, gazta, Santa Klara baserriko esnekiak, Mieltxoren taloak, herriko garagardoa Breweryland-en eskutik eta Mañekoren produktu gozoak, besteak beste.
Hondarrezko eskulturak
Eguna borobiltzeko, hondarrezko eskulturak egiteko tailerra izango da arratsalde partean Torreberriko aterpean. 17:00etan hasi eta 20:00ak bitarte izango da tailerra martxan.