Sei abesti berri bider bost

Juan Luis Romatet 2025ko eka. 19a, 14:00

Biderbost taldeko kideak, Ozen estudioan. (Utzitakoa)

Biderbost rock laukote zumaiarrak sei abestiz osatutako Zamalanak diskoa argitaratu zuen maiatzean. Aurrekoa bezala, Zumaiako Ozen estudioan grabatu dute, Jurgi Taboadaren gidaritzapean.

Biderbost Zumaiako rock laukoteak bigarren diskoa kaleratu du. Zamalanak du izena emaitzak, eta sei abestiz osatutako EPa da. Bandcamp, Youtube eta Spotify plataformetan zintzilikatu zuten maiatzaren hasieran.

Beñat Fernandezek (ahotsa, gitarrak, perkusioa eta sintetizadoreak), Mikel Larrañagak (gitarrak, sintetizadoreak eta koruak), Imanol Balentziagak (baxua eta gitarra) eta Ibon Gorritik (bateria eta perkusioa) osatzen dute Biderbost taldea. Aurretik herriko beste talde batzuetan aritutako lagunak dira. Fernandez, esaterako, Marlik taldean aritu zen, eta haren ibilbidea amaitu eta berehala ekin zion Biderbost taldearenari. Larrañaga Iseka taldeko kidea izan zen, eta Karter rock taldean ere jo izan du. Gorriti, bere aldetik, Blowing Soul taldean aritu zen bateria jotzen.

Martxoan sartu ziren taldekideak Jurgi Taboadak Zumaian duen Ozen estudioan. Egindako lanaren lehen emaitza duela hilabete argitaratu zuten Zanbuila I abestia izan zen. Kanta horrek eta beste bostek osatzen dute laukotearen bigarren diskoa, 2024an plazaratutako taldearen izen bereko Biderbost EPari jarraipena ematen diona. «Lehen diskoa atera eta gero, kontzertuak eman behar genituela eta, abesti berriak konposatu genituen zuzenekorako errepertorioa izateko. Abesti horiek grabatu ditugu orain».

Singlea, despistatzeko

Aurrerapen abestiarekin entzuleak «despistatzen» saiatu zirela dio Fernandezek. Diskoko beste abestiak ez bezala, instrumentala da Zanbuila I. «Diskoari hasiera eta bukaera ematen dizkien bi abestiak batuta, hamar minutuko kanta ateratzen zitzaigun. Hasieran pentsatu genuen iraupen horretako abestia ateratzea, oso-osorik, baina gehiegizkoa izango zatekeen. Garai hauetan, nork entzungo luke hamar minutuko kanta bat?», galdetu du. Hala, bitan banatu, eta hasieran eta bukaeran kokatu dituzte. Hala ere, zuzenekoetan abestia osorik jotzeko aukera badagoela dio.

Beraiek ondutako abestiek osatzen dute diskoa, baina bada salbuespen bat: Mark Laneganen Hit The City kantaren bertsioa den Hemen naiz hiri. Clara Husterrek abestu du kanta horretan. Beste abesti batean, Haizearen menpe-n, Maialen Velarderen kolaborazioa izan dute: Marlikeko abeslari izan zenarenak dira kantaren hitzak.

Aurrerapen abestiarekin alderatuta, estilo aldetik oso desberdinak dira diskoan jaso dituzten kantak. «Ahotsa popetik hurbil dago, Zer? punkiagoa da eta Haizearen menpe izango da astunena, nolabait esatearren», dio Fernandezek. Estilo aldaketa horiek ez dituztela nahita egin gaineratu du.

Lehen diskoaren tirada txiki bat atera zuten CDan, baina Zamalanak formatu fisikoan ateratzeko asmorik ez dutela dio Fernandezek. «Gastu asko ekartzen ditu formatu fisikoa ateratzeak. Gainera, orain, digitalean, Bandcampen, diskoa eros dezakezu eta diru hori taldearentzako da».

Biderbostek kontzertu labur bat eman zuen Kofradian, akustikoan, maiatzaren 24ko eguerdian, Jon Maiaren Zumaia, harri eta herri emanaldiaren bueltan antolatutako egun osoko egitarauaren barruan. Gaur-gaurkoz kontzerturik ez dutela lotuta azaldu dute, baina prest daude agertokira igotzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide