Portugalgo Ponte de Lima hirian jokatu dute pasa den astean maratoi modalitateko Europako piraguismo txapelketan. Aste hasieran beteranoak aritu ziren lanean, eta asteburutik hurbil senior eta junior mailako probak. Zumaiako Itxas Gain piraguismo klubeko bi kirolari lehiatu dira txapelketan, Espainiako selekzioarekin: Irati Osa senior mailan eta Ana Martinena juniorretan.
Osak bi probatan hartu du parte, 3,40 kilometroko proba laburrean, bakarka, eta 26,20 kilometroko proba luzean, Eva Barriosekin bikotea osatuta. Pasa den ostegunean, ekainaren 5ean, jokatu zituzten proba laburreko sailkatze estropada eta finala. Behin finalera helduta, zortzigarren egin zuen piraguista zumaiarrak.
Distantzia luzeko estropada, berriz, igande goizean jokatu zuten. Eva Barriosekin K2a osatuta, hirugarren izan zen Osa, txapelketan lehenak eta bigarren izan ziren Hungariako piraguisten atzetik. Ia bi orduko lanean, 15 segundo besterik ez ziren egon lehen eta hirugarren ontzien artean.
Ana Martinena juniorretan
Itxas Gain klubeko kide Ana Martinena ere Europako txapelketan izan da. Bere kasuan, K2an aritu da, La Vila Joiosako (Herrialde Katalanak) Andrea Jimenezekin ontzia osatuta, junior kategorian. 19 kilometroko lana egin behar izan zuten larunbat goizean, lau eramaterekin. Bien lehen aldia izan da horrelako erronkaren aurrean, debutaren urduritasunak eta lehiak, eta esperientzia faltak ez zien utzi beraien maila erakusten.
Irten eta berehala tapoi txiki batean denbora eta postuak galdu zituzten, eta egoerari buelta ematen saiatu ziren. Hala ere, beraien mailatik urrun geratu ziren helmugan, 11. postua lortuz. Irabazlearengandik 7 minutura geratu ziren, baina 2 minutura bosgarren postua.
Itxas Gainek txapelketa ona izan dela azpimarratu du, hiru domina lortu baititu senior eta beteranoen mailak kontutan izanda. Horri Martinenaren nazioarte mailako debuta gehitu behar zaiola diote.