Hitzarmena berritzeko borrokan ari dira egoitzetako beharginak

Maria Maya Manterola 2025ko mai. 22a, 09:00

Egoitzetako beharginak langile publikoak direla gogorarazteko pankarta, Otezurin. (Juan Luis Romatet)

Negoziazio mahaia "blokeatuta" dagoela esan dute. Neurri zehatzak galdegin dituzte zerbitzuaren kalitatea eta lan baldintzak bermatzeko, eta horiek aldarrikatzera kalera aterako dira datorren astean. ELAk sei greba egun deitu ditu sektoreko Gipuzkoako beharginentzat.

2024aren amaieran iraungi zen 2022an UGT sindikatuak sinatutako egoitzetako langileen hitzarmena. Urte honen hasieran sortu zuten negoziazio mahai berria, eta urte erdia igaro aurretik, "blokeatuta" dagoela salatu dute adinekoen egoitza batzuetako langileek, tartean, Zumaiako Otezurikoek.

Beharginen hitzetan, beren eta sektorearen beharrak mahai gainean jarri dituzte bildu direnetan, baina patronalari egotzi diote beren eskakizunei "entzungor" egin izana. "Edukiz hutsa" den hitzarmena proposatu dutela uste dute langileek, "zerbitzua hobetzeko eta baldintzak duintzeko duten borondate eskasa azaleratuz". 

Beste behin ere, gogorarazi nahi izan dute ez datozela bat lanerako dituzten baldintzak ematen duten zerbitzuarekin. Haien hitzetan, "zaintzarekin negozioa egin nahi duten" enpresei azpikontratatzen zaie zerbitzua, "kalitatea okertuz eta langileen bizi baldintzak prekarizatuz". 

Baldintza duin horiei izen-abizenak jarri dizkiete: soldata igoerak, ratioen jaitsiera, partzialtasunaren gutxitzea nahiz erretiroa errazteko neurriak galdegin dituzte, hain zuzen ere. Langileek uste dute "ezinbestekoak" direla neurri horiek beren lana behar bezala egin eta ahalik eta zerbitzu duinena eskaini ahal izateko. Zerbitzuaren kalitatea eta egoitzetan bizi diren pertsonen ongizatea aintzat hartu beharrean, irabazietan soilik pentsatzea leporatu diote patronalari. "Ez da gai sektoreko langileok ditugun beharrei erantzuteko neurriak proposatzeko", gaineratu dute.

Aldundia ere erantzule

Patronala jo dute erantzule nagusitzat, "haiei tokatzen zaielako negoziaketa kolektiboaren bidez langile guztientzat aplikagarria izango den hitzarmena sinatzea". Baina Gipuzkoako Foru Aldundiari ere zuzendu zaizkie. "Zerbitzuaren titularra izanda, azpikontratazioaren bidez, zuzeneko kudeaketari uko egin eta eskuak garbitzen ditu", esan dute aldundiaz.

"Blokeo egoeran" aurkitzen direla uste dute, eta lehenago egin bezala, oraingoan ere langileak elkartzeko, antolatzeko eta lan baldintzengatik borrokatzeko deia egin dute.

Beren eskakizunak entzunarazi eta, bide batez, erantzukizunak har ditzaten exijitzeko, mobilizazioak egingo dituzte aurki. Datorren astean hasiko dira: maiatzaren 30ean, ostirala, Otezurin egingo dute protesta, 18:00etan, eta gero, 19:00etan, Saregile plazan elkarretaratuko dira. Egoerak "gizarte osoari" eragiten dionez, "pertsona ororen inplikazioa" eskatu dute. 

Grebara deitu ditu ELAk

Negoziazioa "blokeatuta" dagoela salatzeko, sei greba egun deitu ditu ELA sindikatuak. Gipuzkoako adinekoen egoitzetan lan egiten duten 5.000 langileri eragiten die, eta prekarietatearekin amaitzea aldarrikatuko dute egun horietan, ekainaren 11, 12 eta 13an, eta uztailaren 9, 10 eta 11n.

Atzo egin zuten agerraldia ELAko ordezkariek Donostian, eta salatu zuten langileek gogoz kontrako kontratu partzialak dituztela, arreta zuzeneko orduak jaitsi egin direla, eta lan kargak izugarri igo. Zerbitzuak "okerrera" egin du sindikatuaren ustez azken urteotan, eta gainera, "mozkinak lortzea helburu duten enpresa pribatuen eskuetan" dago. 

Negoziazio mahaia urtarrilean abian jarri, eta ordutik lau aldiz bildu diren arren, langileen aldarrikapenei entzungor egitea egotzi dio ELAk patronalari. Zaintza sistema erdigunean jarri, eta zaintzaileen lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmena eskatu dute, eta langileak greban parte hartzera deitu dituzte. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide