Ekainaren 22ra arte luzatu dute Balenciagako aldi baterako erregulazioa

Onintza Lete Arrieta 2025ko mai. 18a, 09:59

Balenciaga ontziola, airetik. (Astilleros Balenciaga)

Sindikatuetako ordezkariek hedabide honi azaldu diotenez, helburua da inbertsoreek egindako eskaintzak hobeto garatzeko denbora izatea. Luzapenerako tramiteak eginda daude, eta orain epaileak eman beharko du azken oniritzia.

Berriro luzatu dute Balenciaga ontziolako aldi baterako erregulazioa. Maiatzaren 22an amaitzen zen, hau da, hurrengo ostegunean, baina hilabete gehiago iraungo du, ekainaren 22ra arte, sindikatuetako ordezkariek hedabide honi azaldu diotenez. Helburua zein den ere esan dute: ontziolan interesa agertu duten inbertsoreek egin dituzten eskaintzak hobeto garatu ahal izatea denbora tarte horretan.

Iaz hasi zituzten negoziazioak ontziola ixtea ekiditeko, eta ordutik, pixkanaka ari dira ematen aurrerapausoak: Zumaiako enpresak haren hartzekodunekin duen zorra kitatzeko akordioa, esaterako, martxoan sinatu zuten, enpresarako balizko inbertitzaileak lortzeko aukerak handituz. Horretarako bazegoen epe muga bat, martxoaren 31. Egun horretan bukatuko zen enpresako lantaldearen aldi baterako erregulazioa. Data hori hurreratzen ari zela ikusita, eta interesa agertu duten inbertitzaileekin izandako negoziazioek fruiturik ematen ez zutela ohartuta, ontziolako alderdiek, enpresa batzordea barne, erregulazioa beste 30 lanegunez luzatzea eskatu zioten hartzekodunen konkurtsoko administratzaileari. Horrek onartu egin zuen epea luzatzea, eta orain, berriz onartu du data berria, hau da, ekainaren 22a.

Tramiteak eginda dituzte, baina orain, epaileak eman beharko du baiezkoa. Langileen ordezkariak lasai daude, alde guztiak ados daudelako epea luzatzearekin, eta hortaz, epaitegietatik ez dute kontrako erabakirik espero.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide