Euskaraldia 2025

Dantzak lagunduta eman diote hasiera Euskaraldiari Zumaian

Juan Luis Romatet 2025ko mai. 15a, 20:56

Aurtengo Euskaraldia martxan da dagoeneko. Txapa jartzeko kolektiboa egin dute arratsalde partean Zumaian. Aurretik, kalejiran joan dira Beheko plazatik Amaiako plazara, Kofradian geldialdia eginda. Leku guztietan Astinduk sortutako koreografia dantzatu dute.

Euskaraldiaren laugarren edizioa abian da dagoeneko. Gaur hasi eta datozen 11 egunetan, euskara ardatz duen mugimendu edo ariketa soziala egingo dute Euskal Herri mailan, euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin. 

Zumaian, arratsaldean egin dute Euskaraldiari hasiera emateko ekitaldia. Herritarrak Beheko plazan elkartu dira 18:30ean, eta Ahobizi eta Belarripresten laguntzarekin, Bulegoren abestian oinarrituta Astindu dantza taldeak sortutako koreografia dantzatu dute lehenengoz. Amaiako plazara bidean izan da birritan dantzatzeko aukera, geldialdiak ere egin dituelako taldeak. Kofradian, esaterako. 

Aurretik Internet bidez izena eman ez duten herritarrek ere izan dute unean bertan apuntatzeko aukera. Bertan eman dituzte, baita ere, aurtengo Euskaraldiko txapak. 

Adarren soinuarekin hartu dute taldea Amaiako plazan, eta suziriak jaurtiz eman diote hasiera "ofizialki" aurtengo Euskaraldiari. Han ere, dantzan aritu dira heldu apur batzuk, baina, bereziki, haurrak. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide