Margolarien lanak jaso ondoren, epaimahaiak horiek patxadaz aztertu, eta arratsalde partean banatu dituzte XXI. Kaleko Pintura Lehiaketako sariak. Alondegiko Oxford aretoan jendetza elkartu da 18:00ak jotzerako, lanak bertatik bertara ikusi, eta saridunen berri jakiteko.
Carlos Espigak irabazi du lehen saria, kirol portuan egindako margolan batengatik. 800 euroko saria irabazi du margolariak. Bigarren saria, 500 eurokoa, Alipio Ruanori ematea erabaki du epaimahaiak, eta hirugarrena, 300 eurokoa, Esteban Orozi. Zumaiarren artean, Joxe Etxabe Olaizolaren margolana saritu dute: bi lapa ageri dira haren lanean harkaitzen gainean.
Helduek bakarrik ez, haurrak ere izan dute parte hartzeko aukera, eta horiei ere banatu dizkiete sariak. Enara Dublang eta Martin Vita izan dira, hurrenez hurren, lehen eta bigarren sarituak, eta margotzeko materiala jaso dute.
Lehiaketara aurkeztutako lanez osatutako erakusketa datozen egunetan ikusi ahal izango da Alondegiko Oxford aretoan.