Urtereko legez, olagarro zopa lehiaketa egin dute goiz partean. Olagarro eskasia badago ere, lehiaketa egiteko adina olagarro lehor aurkitu dute, eta parte hartzaileak ordua heldu baino lehen prest ziren beraien abilezia erakusteko. 11 parte hartzaile izan ditu aurtengo lehiaketak, eta hiru orduko epea izan dute sukaldariek beraien zopa prestatzeko.
Lehia ere izan da aurtengo edizioan, lehen bien artean berdinketa izan delako. Epaimahaikideen artean hitz egin ondoren, lehen saria Aita Mari elkarteari eman diote. Bigarren urtez jarraian irabazi dute lehiaketa. Bigarren saria Inpernupek irabazi du, eta hirugarren txoaskiña elkarteak.
Ostiralean egindako igel eta toka lehiaketetako sariak ere eman dituzte zopakoarekin batera. Igelan, gazteetan, Oñatz Etxaniz izan da irabazlea, Miguel Gaitero izan da bigarren eta Ekain Ruiz hirugarren. Igelan baita ere, baina adinekoetan, irabazlea Asier Eizagirre izan da, eta Josune Morillas bigarren.
Tokan, gazteetan, Manex Calvo izan da lehena, Beñat Sorazu bigarren eta Lur Calvo hirugarren. Tokan, baina adinekoetan, txapela Felipe Lopezek jantzi du, eta bigarren Agustin Letamendia izan da.