Astelehenean ekin zioten Zumaia Jai Alai Master Series zesta punta txapelketari, Aitzuri frontoian. Bi finalerdi jokatu zituzten arratsalde horretan, emakumezkoena eta gizonezkoena, eta zale ugari bildu ziren harmailetan, lehenengo jardunaldiko lau bikoteak animatzeko helburuarekin.
Emakumezkoen neurketa jokatu zen lehendabizi, 19:00etan hasita. Frida Watkins puntista zumaiarrak jokatu zuen bertan, Ihartekin bikotea osatuta. Sorozabal eta Maialenen aurka aritu ziren, eta bi setak irabazita –15-6 eta 15-11–, Watkinsek eta Ihartek eskuratu zuten finalerako txartela.
Jarraian, Imanol Lopez zumaiarrak eta Olharanek osatutako bikoteak Urreisti eta Manci mutrikuarren aurka neurtu zituzten indarrak. Lehenengo setean, Lopez eta Olharan nagusitu ziren, 15-9, baina bigarrena Urreisti eta Mancirentzat izan zen, 6-15. Azkenean, berdinketa hausteko setean, 4-5 gailendu ziren mutrikuarrak, finalerako txartela eskuratuz.
Datozen neurketak apirilaren 21ean, astelehenez, jokatuko dituzte, eta bertan lehiatuko da Uranga zumaiarra, Erkiagarekin bikotea osatuta. Sarrerak www.eramanjaialai.com webgunean daude eskuragarri.
Egutegia:
Apirilak 21, astelehena
- Elaia-Oaia vs. Helena-Maia
- Erkiaga-Uranga vs. Barandika-Zabala
Apirilaren 28, astelehena, San Telmo eguna
- Finalak.