Eusko Jaurlaritzak atzo jakinarazi zuen Arritxu Marañon izango dela Giza Eskubideen, Memoriaren eta Bizikidetzaren sailburuorde berria, Alfredo Retortillo ordezkatuz. Horrek gobrnua uztea eskatu du, arrazoi pertsonalak argudiatuta.
Marañon bi agintaldiz izan zen PSE-EEren bozeramailea Zumaiako Udalean, 2023ra arte. Gaur egun, 2016. urtetik, Gipuzkoako Batzar Nagusietako kidea da.
Maria Jesus San Jose Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak gaur eramango du izendapen proposamena Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseilura.
Marañon Zuzenbidean lizentziaduna da, eta urte askotako esperientzia du erakundeetan: 1995etik 1999ra Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria eta Kirol Departamentua zuzendu zuen; 1999tik 2009ra Donostiako Udaleko zinegotzia izan zen, eta Giza Eskubideen, Hezkuntzaren, Berdintasunaren eta Gazteria eta Kirolaren arloetako buru izan zen hainbat agintalditan; 2008. urtean, Diputatuen Kongresuko diputatu hautatu zuten Gipuzkoan, eta hainbat kargu bete zituen han, besteak beste, batzordeko bozeramaile, batzordekide eta txostengile izan zen.