Oxford aretoan zuzeneko irratsaioa eginez abiatu da gaur Martxoaren 8a Zumaian. Miren Osak eta Maitane Subijanak gidatu dute saioa entzule dezenteren aurrean, eta hainbat gonbidatu izan dituzte: Bilgune Feministako kide bat, pertsona arrazializatu bat eta pertsona ez bitar bat, besteak beste. Bi neskato ere aritu dira elkarrizketatzaile lanak egiten mugimendu feministako bi kideri.
Irratsaioa amaitu orduko hasi da Emakumeen Nazioarteko Eguneko manifestazioa, 13:00etan, eta ohiko buelta egin dute herriko kaleetan barrena aurtengo leloa zeraman pankartaren atzetik: Faxismoaren kontra, ausardia eta aliantza feministak!.
Herritar ugarik egin du bat Zumaiako Mugimendu Feministaren deiarekin, eta adin guztietako gizon-emakumeen artean, udal ordezkariak ere izan dira mobilizazioan.
Bilgune Feministaren diskurtsoarekin bat eginez, "egun modan jartzen ari diren diskurtso faxisten aurrean aliantzak sortzearen beharraz" mintzatu dira Zumaian ere manifestazioaren amaieran.
Hurrengo egunetan ekitaldi gehiago
Emakumeen Nazioarteko Eguna gaur den arren, hurrengo egunetan ere hainbat ekitaldi izango dira herrian Martxoaren 8ko egitarauaren barruan.
Batetik, asteartean, 17:30ean, zaintza prozesuko bilera bat egingo dute Basadi auzategian. Bi egun geroago, ostegunean, Molestias clownicas antzezlana izango da Emakumeon Etxean, Virginia Imazen eskutik, 18:30ean hasita.
Martxoaren 18an, berriz, haurdunaldi subrogatuei buruzko analisi feministak izango dituzte hizpide Emakumeon Etxean, June Fernandez kazetariaren eskutik. 18:30ean hasiko da saioa.
Martxoaren 26an formazio saioak eskainiko dituzte Zumaiako eskoletan, eta hilaren 27an, hilabete moreari ginga jartzeko, RR_6_erre (AH) emanaldia eskainiko du Maialen Lujanbiok, 18:30ean, Emakumeon Etxean.