Inauteriak 2025

Zumaian egin dituzte 2025eko Olinpiar Jokoak

Maria Maya Manterola 2025ko mar. 1a, 09:00

Atzo arratsaldean kalejira jendetsua egin zuten Olinpiar Jokoetako zuzia buru zela herrian zehar Musika Eskolako irakasle eta ikasleek. Musika Bandaren laguntzaz, askotariko kirolariak ikusi ahal izan ziren kalejiran.

Musika, dantza eta antzerki eskolako kideek kalejira jendetsua egin zuten atzo arratsaldean herrian zehar, inauterien atarian. Aurtengoan, Olinpiar Jokoak izan dira mozorrotzeko gaia, eta tenis jokalariak, futbolariak, arkulariak nahiz zaldizkoak ikusi ahal izan ziren kalejiran. 

Ubillos jauregitik abiatu zen kalejira, baina aurrez, Iñaki Ostolaza alkateak Musika Eskolako kideei eman zien Jokoetako zuzia. Izan ere, azken asteotan herriko txokoak bisitatu ditu zuziak; Musika Eskola, Torreberri, Alondegia, Branka eta udaletxea, hain zuzen. 

Kalejirak herrigunean zehar itzulia eman zuen Musika Bandaren doinuen laguntzaz, eta Eusebio Gurrutxaga plazako emanaldiarekin eman zioten amaiera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide