Ohikoa den bezala, pailazo emanaldiarekin bukatuko dira inauteriak Zumaian. Porrotx, Marimotots, Pupu eta Lore pailazoek Ostirala iritsi da! izeneko ikuskizuna ekarriko dute herrira datorren astelehenean, hilaren 3an. Bi emanaldi izango dira Zumaiena ikastetxeko aretoan: 15:00etan lehena eta bigarrena 17:30ean.
Atzo jarri zituzten bi saioetarako sarrerak salgai. Lehenbizi, aurrez aurre erosteko aukera izan zen Alondegiko Oxford aretoan, eta herritarren ilara luzea sortu zen aretoko atean. Ondoren, online jarri zituzten sarrerak salgai. Salmenta ondo doala adierazi du udaleko Kultura Sailak.
Dena den, gaur ere izango da emanaldietarako sarrerak erosteko aukera. Hala, udalak jakitera eman duenez, 15:00etako emanaldirako sarrerak jarriko dituzte gaur salgai Turismo Bulegoan. Online ere erosi ahal izango dira, 15:00etako saiokoak, baina baita 17:30eko apur batzuk ere. Internet bidez eskuratu ahal izango dira.