Guztia prest dute Zumaiako 40. Herri Lasterketarako

Maria Maya Manterola 2025ko ots. 12a, 10:00

Herri lasterketa bateko artxiboko irudia. (Guka)

Larunbatean egingo dute saltaka saioa. Bi distantziatan jokatuko da lasterketa, eta izena eman daiteke oraindik ere bi probetan, Internet bidez, kronoak.com webgunean.

Datorren larunbatean jokatuko dute Zumaiako 40. Herri Lasterketa, arratsaldez, eta azken urteotan bezala, bi distantziatan parte hartu ahal izango da: 5.600 metroko lasterketa laburrean eta 10.200 metroko luzean. Eusebio Gurrutxaga plazan kokatuko dituzte probaren irteera eta helmuga puntuak. 

Hasteko, ohikoa den bezala, gaztetxoen probak jokatuko dituzte. Kimuen kategoriako korrikalariek 1.050 metroko ibilbidea egingo dute 15:45etik aurrera; infantil eta kadete mailakoek, 2.100 metrokoa: infantilak 16:00etan aterako dira eta kadeteak 16:10ean. Denak ere Eusebio Gurrutxaga plazatik abiatuko dira. 16:30ean benjamin mailako haurren txanda izango da. Horiek 250 metro egingo dituzte Saregile plazatik aterata. 16:40an haur eta gaztetxoen kategoriako sari banaketa egingo dute. 

Ondoren, helduen txanda izango da. 17:00etan aterako dira distantzia luzeko parte hartzaileak, eta hamar minutu geroago, 17:10ean, lasterketa laburrekoak. 18:15ak arte izango dute korrikalari horiek lasterketa bukatzeko epea.

Proba motzean parte hartzen dutenek Erribera kale aldera joko dute lehendabizi, eta Amaia plazaren parean buelta eman ondoren, korrikalariak Txomin Agirre kaian barrena helduko dira Zumaiena ikastetxe parera. Bittarte erretegiaren parera heldu eta handik bueltan, anbulatoriorako bidea hartuko dute; gero, zubi txikitik igaro eta berriz helduko dira Txomin Agirre kaiara, paolaldera joateko segidan. Juan Belmontetik barrena hartuko dute bueltako bidea, baina berriz ere Beheko Plazako helmugara iritsi aurretik, Itzurunbidetik igaro beharko dute lasterkariek.

Ibilbide luzea hautatu dutenek, berriz, ia distantzia bikoitza egin beharko dute. Horretarako, lasterketa motzeko ibilbidea osorik egingo dute aurrena, eta gero, bigarren itzuliari ekingo diote, baina Erribera kaleko lehen buelta hori berriz egin beharrik izan gabe.

Bi lasterketa horietarako izen ematea asteartean itxi behar zuten arren, oraindik ere horretarako aukera badagoela jakinarazi dute antolatzaileek, kronoak.com webgunean. Orain artean, 321 korrikalarik eman dute izena lasterketa luzean, eta 113k laburrean.  

Lasterketa taldean

Aurtengo aldian izango da berrikuntza bat: lasterketa taldean egingo du zenbait parte hartzailek. Helburua profil desberdinetako korrikalarien parte hartzea sustatzea da; hau da, saltaka saioa hasiberriek eta esperientziadunek elkarrekin egitea.

Horretarako, erronka bat jarri dute: lasterketaren ibilbidea ordubete pasatxoan amaitzea. Ibilbidea ezagutzeko aitzakiarekin, hilaren hasieran elkarrekin entrenatzeko saioa izan zuten korrikalariek. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide