Bi urte igaro dira Etxape zentro sozialista herrian ireki zutenetik, eta urtemuga ospatzeko asmotan, egun osoko egitaraua antolatu dute gaurko Mugimendu Sozialistako kideek. Askotariko ekintzak egin dituzte, hala nola Balenciagako langileen aldeko pankarteo saioa nahiz autodefentsa tailerra. Azken horretarako dozena bat lagun elkartu dira ireki berri duten gimnasioan, eta giro atseginean estreinatu dute espazio berria.
Azken hilabeteetan aritu dira leku hori atontzen, eta antolatzaileek azaldu dutenez, datozen asteetan espazioa martxan izatea aurreikusten dute, "zumaiar guztientzat eta doan".
Tailerra eta gero, faxismoari buruzko hitzaldia eskaini dute gimnasio ondoko espazioan. Oro har, faxismotzat zer ulertzen den, mugimendu hori zein testuingurutan sortzen den eta dituen ezaugarri nagusiei buruz hitz egin dute bertan. Hori amaituta, bazkaltzeko tartea hartu dute talde horretako kideek, eta arratsalde aldera Iagomagoren ikuskizunaz gozatzeko aukera izan dute.