Zumaiako Udalak iazko uda hasieran egin zuen gazte ekimenak sustatzeko dirulaguntzaren deialdia, eta jakinarazi du bi gaztek eskuratu dutela beka, Aitor Tenak eta Iñaki Agirrezabalagak, hain zuzen. Ikerketa dibulgatibo bat garatzen ari da bata; abesti baten bideoklipa bestea.
Ikerketa historiko bati loturiko proiektua da Tenak esku artean duena. Zumaian 60 eta 70eko hamarkadetan izan zen Herri Gaztedi mugimendua ari da aztertzen, eta memoria historikoa berreskuratzeaz gain, Zumaiako langile mugimenduaren historian sakondu nahi luke. Datuen analisia ari da egiten orain: Beneditarren Fundazioan gordetako bost argitalpen eta 45 aldizkariko 130 artikulu inguru izan ditu eskuartean. Mugimenduaren parte izan ziren testigantzak ere jaso ditu Tenak; bederatzi kide elkarrizketatu ditu. Datozen hamarkadetan sortu edo garatu daitezkeen mugimenduak, alderdiak edota sindikatuak ezagutzeko izan daiteke baliagarria garai hartako mugimenduak aztertzea, Tenaren ustez. Aurkezpen ekitaldi bat egingo du ekainean proiektuaren emaitza gizarteratzeko.
Bestelakoa da Iñaki Agirrezabalagaren proiektua. Hura ikus-entzunezkoen arloko sorkuntzan ari da lanean: Migel Gutierrezek udalaren sormen bekaren bidez egindako Basoa.wav EPari irudizko errepresentazioa emango dio. Lau gazteren egun bateko joan-etorriak hartu ditu oinarri horretarako, Zumaian oharkabean pasa daitezkeen lekuak eta gazteen eguneroko bizitza erakusteko asmoz. Zumaiako ikus-entzunezkoen munduan aritzen direnen artean sinergia berriak sortzea zen helburuetako bat, eta proiektuan zehar, antzerki taldeko kideak nahiz ikus-entzunezkoetan diharduten herritarrak izan ditu bidelagun. Postprodukzio fasean da bideoklipa, eta otsaileko hirugarren astean aurkeztuko dute, Gutierrezek abestia kaleratzearekin batera.