Urtero garai honetan egin bezala, Saharako errefuxiatuen aldeko elikagai eta bestelako material bilketa egin du aurten ere Darahli elkarteak. Pasa den astean aritu ziren materiala biltzen ekintzan parte hartu zuten 60 boluntarioak, lehenbizi Zumaiako, Aizarnazabalgo, Arroa Beheko eta Oikiako eskoletan, eta ondoren, larunbatean, supermerkatuetan.
Elkarteak iragarri duenez, guztira 1.860 kilo material bildu dute aurtengo kanpainan: 124 kaxa atun, azukre, pasta, lekale eta arrozez beteta, eta beste bederatzi kaxa handi konpresez. Horrez gain, 200 euro ere jaso dituzte dirutan. Diru hori elikagaiak garraiatzeko erabiliko dutela informatu du. Materiala Euskal Karabanaren bidez helduko zaie Saharako errefuxiatuei.
Iaz baino kilo batzuk gutxiago jaso dituzten arren, Darahlik azpimarratu nahi izan du herriaren erantzun "ona" izan dela. Hala, kanpainan lagundu duten zumaiari guztiei, supermerkatuei eta ikastetxeei eskerrik beroena eman nahi die, baita boluntario lanetan aritu diren gazteei ere.