Pauso handi bat aurrera saritutako idazleen ibilbidean

Aritz Mutiozabal 2024ko aza. 29a, 09:15

Julene Azpeitia ipuin lehiaketako sari banaketa ekitaldia egin zuten herenegun, Zumaiako Aita Mari aretoan. Igor Mercado, Angel Gallo eta Iñigo Erkiaga dira aurtengo sarituak.

Julene Azpeitia ipuin lehiaketaren 37. sari banaketa ekitaldiak aurtengo hiru sarituak elkartu zituen asteazken arratsaldean, Zumaiako Aita Mari aretoan. Igor Mercado leioarrarentzat (Bizkaia) izan da lehen saria, Kartoi artekoak narrazioarengatik; bigarrena, Zumaiako bizilagun Angel Gallo durangarrak (Bizkaia) eskuratu du, Postbizitza lanari esker; eta zumaiar onenaren aipamena, berriz, Iñigo Erkiagarentzat izan da, Azkena ipuinagatik. Aurtengo ekitaldira 57 lan –horietatik zazpi zumaiarrek sortutakoak– aurkeztu dituzte, eta epaimahaia Ana Urkizak, Castillo Suarezek eta Josu Waliñok osatu dute. Halaber, ekitaldian parte hartu zuten udaleko Euskara zinegotzi diren Aitor Manterolak eta Nerea Goiriak eta EAJko zinegotzi Ainhoa Illarramendik.

Mercadok bigarren saria lortu zuen iaz Zumaiako literatur lehiaketan, eta aurten pozarren agertu da sari potoloa jaso duelako. "Ohore bat" dela azpimarratu du: "Eskertzekoa da, gainera, Zumaiako Udalak lehiaketa hau antolatzeko egiten duen ahalegina, letren munduan eta idazten saiatzen garenontzat pizgarri baitira halakoak". Iazko bigarren postuak aurtengo ediziorako motibarazi zuela dio : "Denbora gutxi dut idazteko, baina ahal dudan heinean, ez dagoen tokitik ateratzen saiatzen naiz. Iazko saria, nola ez, sustagarri izan zen niretzat". Aita azkenetan dagoela eta, etxera itzultzen den alaba baten kontakizuna da Mercadorena; iraganeko oroitzapenak orainaldira ekarri eta aita-alaben arteko harremana mahai gainean jartzen du.

Hainbatetan eskuratu du Zumaiako lan onenaren egilearen saria Gallok, iaz azkenekoz, baina oraingoan beste jauzi bat eman eta lehiaketako bigarren saria bereganatu du. "Julene Azpeitia lehiaketak izen handia hartu du Euskal Herrian, eta ez da gauza bera herriko saria jasotzea edo bigarren saria, lurralde guztietako jendeak parte hartzen duelako". Zentzu horretan, aitortzak sekulako "poza eta ilusioa" eragin dizkiola nabarmendu du. 

Gallok bere ipuina "minimalista samarra" dela dio, ez dela "mainstream literatura", ez dela "denek irakurtzeko modukoa", eta alderdi horretatik ere gustara hartu du saria, "horren ohikoak ez diren estiloak" kontuan hartu dituztela esan nahi duelako. Postbizitza ipuinaren izenburuak berak asko iradokitzen du: in crescendo doan distopia bat da. Irratsaio bat du oinarri, eta irratsaio baten erritmoa darama kontakizunak . "Etorkizunean gerta daitekeen dilema moral bat aurkezten du", aurreratu du Gallok.

Bidaia bat atzera

Zumaiar onenaren saria Erkiagarentzat izan da aurten; hark estreinakoz jaso duen literatur saria da. "Ez nuen halakorik espero", azaldu du oraindik albistea guztiz barneratu ez balu bezala. "Ez dut askotan idatzi, eta honakoa lehiaketara aurkeztu naizen hirugarren aldia izan da", jakinarazi du. Ideiak buruan bueltaka eta sormena pil-pilean izanagatik ere, horiek idatzizkora pasatzea nekeza egiten zaiola aitortu du: "Urrats hori egitea beste kontu bat da".

Zumaiako herriari eginiko atzera begirakoa du ardartz Erkiagaren narrazioak. Hain zuzen ere, bi hamarkada atzerantz egiteko bidaia proposatzen dio irakurleari, protagonista berezi baten ikuspegitik. "Zentzumen ezberdinak erabiliz joango da kontatzen istorioa", zehaztu du. "Ipuina irakurtzen duten herritarrek identifikatuko dituzte lekuak eta gogora etorriko zaizkie gaur egun desagertuta dauden gauzak. Hori izan da, behintzat, nire helburua", erantsi du.

Behin sariak banatuta, Lotura basatiak ikuskizuna eskaini zuten Debako (Gipuzkoa) Goaz antzerki talde amateurreko kideek. Adin ezberdinetako emakumeak ziren antzezleak, eta hainbat diziplina uztartu zituzten –antzerkia, musika, performancea eta abar– emanaldi sakona bezain gustagarria plazaratuz. 

Bestalde, udalak aurtengo literatur lehiaketako ipuin sarituen bilduma argitaratu du, eta ekitaldian bertan eskuratzeko aukera izan zuten dohainik bertatu zirenek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide