Balenciaga "bideragarria" da langileen ustez, "finantziazioa besterik ez" dute falta

Maria Maya Manterola 2024ko aza. 26a, 12:46

Langileen agerraldia Balenciaga ontziolaren kanpoaldean, gaur goizean. (Maria Maya Manterola)

Langileek "nazkatuta" daudela esan dute gaur goizean egindako agerraldian, eta instituzioei esku hartzeko eskatu diete. Dena den, beren ustez, enpresaren zuzendaritza da "egoeraren erantzule nagusia". Ontziola ez ixtea eskatzeko mobilizazioa egingo dute ostiralean, eta "beren etorkizunaren alde" parte hartzera deitu dituzte Zumaiako nahiz Urola Kostako bizilagunak.

Gaur goizean agerraldia egin dute Balenciagako langileek ontziola ez ixtea eskatzeko eta "jasaten ari diren egoera" salatzeko. Izan ere, aurreko astean jakin zuten hartzekodunen lehiaketara joan eta enpresako jarduera eten egingo dutela. Azaldu dute orain arte isilik egon direla instituzioekin egiten ari ziren negoziazioei eta zordunen gehiengoarekin erdietsitako akordioei esker enpresa aurrera ateratzea espero zutelako. Baina "nazkatuta" daudela esan dute, eta enpresaren zuzendaritzari nahiz instituzioei zuzendu zaizkie: "Zuzendaritza, Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernuko Ekonomia Ministerioa errusiar erruletan jokatzen ari dira gure etorkizunarekin". 

Imanol Beloki LAB sindikatuko ordezkariak hartu du hitza agerraldian, eta haren hitzetan, hilabeteak daramatzate "egoera tamalgarrian". Langile batzuei bost ordainsari ere zor dizkietela azaldu du hark. Eman dituen datuen arabera, ontziolako pertsonala eta azpikontratatutako langileak kontuan izanda, 200 langile zituen Balenciagak, eta horien guztien etorkizuna "zakarrontzira" botatzen ari direla ohartarazi du. Ez dute zalantzarik, beren ustez bideragarria da enpresa zabalik mantentzea: "Etorkizunerako lan karga badago, finantziazioa lortzeko babesa besterik ez da falta". 

Cofides inbertsio funtsari egotzi diote bideragarritasun plana oztopatzea. "Hartzekodunen lehiaketa eskatu izanaren erantzule nagusia Cofides da momentu honetan, eta hala gertatuko balitz, baita ontziola ixtearena ere. Akordioa ez onartzea gutxi ez, eta Balenciaga itxitakoan geratzen diren soberakinetatik diru gehiago lortzeko asmo miserablearekin plana geldiarazten saiatu dira azken hilabeteetan egin dituzten mugimenduekin". Halaber, Espainiako Gobernua "estrategia nazkagarri" horrekin lotuta egotea ere salatu dute.

Ezin izan dute Eusko Jaurlaritzarekin duten haserrea ere ezkutatu. Belokik azaldu duenez, "enpresari babes osoa helarazten" aritu diren bitartean, erakunde horrek "bideragarritasun planari inpugnazioa" jarri ziola ere jakin dute langileek. "Benetako interbentzioa" egiteko galdegin diote Jaurlaritzari, erakundeak "hori zor diela" ulertzen baitute. 

Erantzule nagusia, zuzendaritza

Halaber, enpresaren zuzendaritza da, langileen ustez, egoeraren erantzule nagusia. Izan ere, beren ustez, azken urteetan eraiki dituzten itsasontzien proiektuen "kudeaketa negargarriak" eraman ditu hartzekodunen lehiaketara. 

Enpresa aurrera ateratzeko langileek egindako esfortzua nabarmendu dute, azken hilabeteotako egoera salatzearekin batera: "Egunero ari gara sufritzen; hipotekak eta seme-alaben ikastetxeak ordaindu beharra dugu, besteak beste. Hemen gertatzen ari denaren ondorio nagusiak gu ari gara pairatzen". Negoziazioetan, gainera, "enpresak albo batera" utzi dituztela ere salatu dute beharginek.

Manifestazioa, ostiralean

Beren etorkizunaren alde borrokan jarraituko dutela argitu dute Balenciagako langileek, eta Zumaiako nahiz Urola Kostako bizilagunei mobilizatzeko deia egin diete: ostiralean, 18:00etan, manifestazioa egingo dute ontziolatik hasita, Balenciaga ez itxi lelopean. 

Zumaian bakarrik ez, Gasteizen ere egingo dituzte mobilizazioak –lehena abenduaren 4an–, instituzioak interpelatzeko asmoarekin. Dagoeneko hasiak dira erakundeekin biltzen: Zumaiako Udalarekin bildu ziren atzo langileen ordezkariak, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzareko ordezkariekin ere bilduko dira aste honetan. Ostiral goizean, berriz, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzarekin elkartuko dira Gasteizen. Hala esan dute: "Beraien esku dago langileen etorkizuna".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide