LAB sindikatuak deituta, hezkuntza sistema publikoa indartzearen aldeko mobilizazioak izan ziren atzo arratsaldean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Azken lurralde honetan hau hiri edo herritan egingo zituzten elkarretaratzeak, tartean, Zumaian. Herritar ugari elkartu zen Saregile plazan 17:30ean.
"Kalitatezko hezkuntza izateko hezkuntza publikoak urgentziaz behar duen inbertsioa gauzatzea ezinbestekoa" dela uste du sindikatuak plazaratutako oharrean. "Eskola publikoa eta Haurreskolak Partzuergoa ardatz izan daitezen azpiegiturak hobetu, baliabideez hornitu eta langileon lan baldintzak berritzeko garaia da. Horretarako, urtero, gutxieneko inbertsioa Barne Produktu Gordinaren %6koa izan beharko litzateke aurrekontu-proiektuan, Europako batezbestekoarekin parekatuz, hezkuntza legearen testuinguruan izandako grebetan aldarrikatu izan genuen moduan".
Bestalde, hezkuntza publikoko langileen lan baldintzak arautzen dituen lan hitzarmenak berritu eta hobetu behar direla uste du sindikatu abertzaleak, eta zaharkituta dauden hitzarmenak berritzea premiazkoa dela adierazi du. "LABek argi du langileon lan baldintzak hobetzeak zerbitzua hobetzea dakarrela bere horretan".
Baliabide materialez gain, ikastetxeak baliabide pertsonalez hornitzea ere galdegin du sindikatuak. "Aniztasunean jarritako arretari" erantzuteko nahiz hizkuntzak eta kulturak bizi duten egoerari aurre egin ahal izateko ezinbestekotzat jo dituzte baliabide berriak nahiz formakuntza plan zehatzak. Aurrerantzean ere borrokan jarraituko dutela azaldu dute, Euskal Eskola Publiko Komunitarioa helburu, sare publiko bakar deszentralizatuan antolaturiko hezkuntza-sistema burujabea eraikitzeko.