Herriko merkataritzari bultzada emateko ErrotaHerria kanpaina bueltan da

Maria Maya Manterola 2024ko urr. 29a, 17:30

Gertu merkatari elkarteko kideak eta udal ordezkariak. (Zumaiako Udala)

1.000 bono jaulkiko dituzte, eta azaroaren 7tik aurrera erosi ahal izango dituzte bonoak herritarrek, Turismo Bulegoan. Lehenbizikoz kanpainara batu nahi duten merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu enpresa txikiek lehenago eman beharko dute izena, azaroaren 3rako.

Bueltan da berriz ere ErrotaHerria kanpaina. Herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu enpresa txikiei bultzada emateko, bono sistema berria abiatuko du azaroan Zumaiako Udalak eta Gertu merkatari elkarteak. Lehenago egin bezala, oraingoan ere 30 euroren truke 40 euroko balioa duten 1.000 erosketa txartel jaulkiko dituzte, eta kanpainaren bitartez, herriko establezimenduetan 40.000 euroko inpaktu zuzena edukitzea aurreikusi dute.

ErrotaHerriaren aurreko kanpainetan parte hartu duten establezimenduek ez dute izenik eman beharko, baina lehenbizikoz kanpainara batu nahi dutenek, azaroaren 3ko 12:00ak arteko epea izango dute horretarako. Eskaera orria bete, eta zumaiaelkartea@gmail.com helbidera bidali edo Turismo Bulegora eraman beharko dute izena emateko, eta gogorarazi dute ez dela beharrezkoa Gertu elkarteko kide izatea.

Herritarrek, berriz, azaroaren 7tik aurrera erosi ahal izango dituzte bonoak Turismo Bulegoan bertan. Herritar bakoitzak bono bakarra eskuratu ahal izango duenez, identifikazio dokumenturen bat erakutsi beharko da erosterakoan. 2025eko urtarrilaren 6ra bitartean erabili ahal izango dira txartelak kanpainarekin bat egiten duten establezimenduetan.

Jarduera ekonomiko bakoitzak, gehienez, 5.000 eurora arteko balioa arte onartu ahal izango ditu bonoak, eta behin zifra horretara iritsita, ezingo dira establezimendu horretan erabili. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide