Iñaki Aristi da Telmo Deun arraun elkarteko presidente berria

Juan Luis Romatet 2024ko urr. 3a, 12:00

Zuzendaritza berriko bost kide atzoko bilkuran; Iñaki Aristi presidente berria, erdian. (Felix Aizpurua)

Klubaren zuzendaritza berria aukeratzeko ezohiko batzarra egin zuten atzo arratsaldean, eta arraun mundua barrutik ezagutzen duten zazpi lagunek osatuko dute batzorde berria. Datorren urtean Zumaiako traineruak gidatuko dituzten entrenatzaileen berri ere eman zuten bilkuran.

Trapaia izan da Zumaiako arraun munduan pasa den udan. Berez, denboraldi bikaina egin dute Telmo Deun arraun elkarteko traineruek: biak, emakumak zein gizonak, bigarren izan dira beraien ligatan; ETE eta KAE1 ligetan, hain zuzen, eta horrek eskubidea eman zieten Euskotren eta Eusko Label ligetarako igoerako play offean aritzeko. Sailkatze estropada hauetarako izena emateko orduan sortu zen, baina, arazoa: elkarteko zuzendaritzak emakumeen trainerua bakarrik apuntatu zuen denboraldi hasieran; gizonena, ez. Horrek arraunlarien eta zuzendaritzaren arteko harremana nahastu zuen. Zuzendaritzak kargua uzten ez bazuen gizonezko arraunlariek klubean jarraituko ez zutela ere adierazi zuten arraunlariek, eta entrenatzaileak, Unai Etxeberriak, kluba uzteko erabakia hartu zuen. Horren guztiaren ondorioz, azken urteotan Telmo Deun elkarteko zuzendaritzak, Joseba Esnal presidentea buru, kargua uztea erabaki zuen.  

Hala, Telmo Deun arraun elkartearen zuzendaritza berria aukeratzeko ezohiko batzarra egin zuten atzo arratsaldez Aitzuri pilotalekuko bilera gelan. Bazkide ugari bertaratu ziren bilkurara, ordurako jakina zen eta bazegoela zuzendaritza berria osatzeko hautagaitza bat eta, sorpresarik izan ezean, talde horrek osatuko zuela klubeko batzorde berria.

Bilkuraren hasieran, azken urteotan elkarteko presidente izan den Joseba Esnalek hartu zuen hitza. Berak eta zuzendaritza osatu duten kideek dimisioa eman zutela iragarri zuen, baina, hala ere, zuzendaritza berriarekin lankidetzarako prest zeudela ere azaldu zuen. 

Jarraian, hurrengo hauteskundeetara arte –bi urtean behin egin behar dute legez hauteskunde prozesua– kluba zuzenduko duen talde berria aurkeztu zuten. Zazpi lagunek osatuko dute Telmo Deuneko zuzendaritza berria, bost gizonezkok eta bi emakumek, eta presidentea Iñaki Aristi izango da aurrerantzean. Zazpi lagunek barrutik ezagutzen dute arraun mundua, denak ere arraunean aritu direlako. Presidentea, esaterako, Telmo Deun traineruko arraunlaria da.

Bileran esan zuten, baita ere, uda honetan gertatutakoaren ondoren orduko zuzendaritzak kargua utzi izan ez balu 2025ean ez zela gizonen trainerurik izango Zumaian, eta emakumeenak bide motza izango zuela. Zentzu horretan, bi eskifaiak indartzeko konpromisoa erakutsi zuen talde berriak.

Zumaiako arraun elkarteak azken urteotan izan duen filosofia mantentzearen aldekoa da zuzendaritza berria. Alegia, harrobia lantzea eta herriko jendea arraun mundura erakartzea. Bide horretan, lan egiteko gogotsu daudela ere iragarri zuten.

Zurrumurruak ere sortu dira azken aldian herri mailan klubaren egoera ekonomikoaren inguruan. Bilkuran adierazi zutenez, elkarteko zuzendaritza berria jakitun da diru kontuen egoeraz, eta horren berri emango dute datorren urteko otsailean egingo duten ohiko batzarrean. Hala ere, elkarteko bazkideren batek informazio hori jaso nahiko balu, zuzendaritzako kideekin jar daitezke harremanetan.

Entrenatzaileak

Datorren denboraldian Zumaiak izango dituen entrenatzaileen berri ere eman zuten batzarrean. Hala, Joxe Enrike Kike Manterolak jarraituko du emakumeen trainerua gidatzen. Gizonetan, berriz, Rufo Urtizberea izango da Telmo Deuneko entrenatzaile berria. Donostiarraren emakumezko traineruaren entrenatzailea izan da Urtizberea azken urteotan.

Biak ala biak dagoeneko lanean hasiak dira datorren urteko arraun denboraldia prestatzen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide