Ehunka boluntario eta 650 korrikalari hartuko ditu hamabosgarren Flysch Trail lasterketak

Maria Maya Manterola 2024ko ira. 26a, 15:00

Antolatzaileak, udal ordezkariak eta babesleak, gaur, Santa Klara nekazaletxeko aurkezpenean. (Maria Maya Manterola)

Aurtengo kirol probari buruzko xehetasunak emateko agerraldia egin dute udal ordezkariek, babesleek eta antolatzaileek Santa Klara nekazaletxean. Eskerrak eman dizkiete lur jabeei, baserritarrei, boluntarioei eta babesleei.

Zumaiako Triatloia igaro berritan, beste kirol proba garrantzitsu bat jasotzeko prestatzen ari da herria. Izan ere, urriaren 6an jokatuko da Flysch Trailaren hamabosgarren edizioa, eta antolatzaileek gaur bertan egin dute agerraldia Santa Klara nekazaletxean probari buruzko xehetasunak emateko.

Bertan elkartu dira Aitor Manterola Kirol zinegotzia, Ana Mari Eizagirre ekoizlea eta Landaolako lehendakaria, Azahara Dominguez Gipuzkoako Aldundiko Turismo diputatua, Iñaki Ostolaza alkatea, Maite Egaña Berdintasun zinegotzia, Mikel Aranberri Caja Ruraleko ordezkaria eta Karlos Del Pilar antolatzailea. 

Manterolak, hasteko, lasterketaren inguruko zenbait datu eman ditu. Aurten ere 650 korrikalari izango dira bi probetan. Proba luzea, 23,6 kilometrokoa, 09:30ean hasiko da; eta 10:00etan emango diote hasiera motzari, 13 kilometrokoari. Iaz egin bezala, aurten ere festa handi bat antolatu nahi dute probaren bueltan, eta karpa bat ezarriko dute Eusebio Gurrutxaga plazan. Jan-edana eskainiko dute bertan, eta elektrotxarangaren emanaldia ere izango da, 11:30etik aurrera. 

Lasterketak ingurumenarekiko eta gainerako kirolariekiko errespetua sustatzen duen etiketa berdea eskuratu duela ere aipatu du Kirol zinegotziak. Haren hitzetan, "proiektu etikoa" da etiketa berdearena, eta Flysch Trailaren filosofia aintzat hartuta aurkeztu zuten lasterketa etiketa berdearen hautatze prozesura. Bide batez, lasterketaren filosofiaren lau ardatzak oroitarazi ditu Manterolak: kirolaria izatea protagonista, jarduera fisikoa sustatzea, ingurumena babestea eta herriko ekoizleei bultzada ematea. 

Ezin izan ditu aipatu gabe utzi lasterketa posible egin duten babesle, lur jabe, baserritar eta boluntarioak: Andika baserria, Elorriaga auzoko bizilagunak, Ardantza, Debako Udala, Aldundia, Caja Rural, antolatzaileak eta boluntarioak. Antolaketa "herrigintza ariketa bat" da Manterolaren ustez, eta horren erakusgarri da harentzat igaro berri den Zumaiako Triatloia. 

Emakumezkoak, bost puntu gora

Emakumezkoen parte hartzea izan du hizpide, bestetik, Egañak. Iaz "nahiko pozik" zeudela aitortu du, eta aurten pozago, bost puntu egin baitu gora emakumezkoen parte hartzeak. Bi probetako parte hartzaileak kontuan hartuta, % 30 dira emakumezkoak.

Igoera horretan erabakigarria izan da proba motza egiteko aukera ematea, Egañaren ustez. Izan ere, proba horretan % 45 dira emakumezkoak. Hainbat jarduera egin dituzte parte hartzea bultzatzeko, entrenamendu saioak, esaterako, eta bere ustez, "eman dute fruitua". Parte hartzera doazen emakume horiek, gainera, "gainerakoentzat erreferente" izan daitezkeela iruditzen zaio Egañari, eta ildo berean lanean jarraitzeko asmoa agertu du. 

Ibilbideez aritu da Del Pilar, bestalde. Aldaketak izango dira aurten bi probetan. Aurreko urteko parte hartzaileei zer hobetu litekeen galdetu, eta bildutako iradokizunak aintzat izan dituzte aldaketak egiteko, antolatzailearen esanetan. Horretarako, ordea, ezinbestekoa izan da baserritarrekin hitz egin eta ibilbide berria adostea. Lasterketaz kanpo ingurune horietan entrenatzen dutenei lur pribatuetan ez ibiltzeko eskaera egin diete, bide batez. 

Ingurumena eta lehen sektorea

Dominguezek, bere aldetik, aipatu du "harro egoteko modukoa" dela Flysch Trailaren eszenatokia, eta eremua babestea beharrezkoa dela iritzita, antolatzaileen sentsibilitatea goraipatu du. Garraio publikoaren iritsi daitekeela ere gaineratu du diputatuak, eta hala egin dezaten eskatu die Zumaiatik kanpo datozen korrikalariei. "Turismoaren agenda aberasten" du probak, gainera, bere ustez, eta gipuzkoarren nortasunaren erakusgarri da. Aurrerantzean ere Aldundiaren laguntza eskaini du halakoak antolatzen jarraitzeko. 

Eskaera berezia egin dio Eizagirrek bere hitzartzean diputazioari. Ekoizlea da Eizagirre, turismoaren arloan ere egiten du lan, eta Landaolako lehendakaria da. Baserritarrekiko errespetua eskatu du, eta gogorarazi du aurten bi istripu izan direla. Dena den, zumaiarrek beren artean "bizikidetza ona" dutela irizten dio, eta eskerrak eman dizkie herritarrei. 

Lehen sektorearen eta baserritarren inguruan aritu da, hain zuzen, alkatea. Lehen sektoreko ekonomiari bultzada ematearen garrantziaz aritu da Ostolaza, eta gogorarazi du Santa Klarako produktuak makinen bidez eros daitezkeela, yogurtak eta esnea kasu. Lasterketari dagokionean, aipatu du "beste bide bat" hartu duela orain, "goi mailako lehia" izateaz gain, "jarduera fisikoa sustatzen duen ekimena" baita orain. Aranberri, bere aldetik, ekimena babesteko konpromisoan berretsi da, haren hitzetan, "islatuta" sentitzen baitira halako ekimenen baloreekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide