Elena Irureta: "Oso pozik nago eta lasaitu ederra hartuta"

Aitziber Arzallus 2024ko ira. 25a, 12:11

Elena Irureta atzo, Donostian, Zinemaldiko alfonbra gorrian. (Arnaitz Rubio Aprea)

Atzokoa egun "luzea baina ederra" izan zela adierazi dio zumaiarrak Gukari, goizean aurkezpen batekin hasi eta iluntzean Zinemira jaso zuenera arte. Gaur, "lasaitu ederra hartuta", biharamunaz gozatzen ari da.

Biharamun gozoa du gaur Elena Iruretak, atzo iluntzean Donostiako Viktoria Eugenia antzokian eta Telmo Irureta ilobaren eskutik Zinemira saria jaso eta gero. "Neka-neka eginda baina zoriontsu bukatu nuen atzoko eguna, eta gaur oso pozik nago eta lasaitu ederra hartuta"

Atzoko eguna "pixka bat luze" egin zitzaiola adierazi dio zumaiarrak Gukari. "Goizean goiz hasi ginen martxan, 10:00etarako, Atresmediarekin egin dudan film bat aurkeztu baikenuen, eta 19:30ak arte hara eta hona, egun luzea egin zitzaidan".

Hain zuzen ere, ordu horretan ekin zioten Euskal Zinemaren Galari, eta hantxe eman zioten Iruretari Zinemira saria, bere ibilbidearen aitortza gisa, lagunak eta familiakoak berekin zituela. "Lagunak eta familiakoak han nituen, neu nerbioak airean nengoen, gustura, baina, aldi berean, dena lehenbailehen pasatzeko gogoz", aitortu du zumaiarrak. "Baina behin dena pasatutakoan eta dena oso ondo joan zela ikusitakoan, oso pozik gelditu nintzen".

Ekitaldia bukatuta, lagunekin eta familiakoekin ospatzeko tartetxoa ere hartu zuen Iruretak. "Kopatxo bat hartuz eta pintxo batzuk janez ospatu genuen, eta handik etxera, zoriontsu, baina neka-neka eginda". Gaur goizean, berriz, ajeaz gozatzen ari da Irureta. "Hemen ari naiz lagunekin atzokoa nola joan zen komentatzen, oso pozik eta lasaitu ederra hartuta".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide