Camino Escena Norte-Ipar Eszena Bideak ekimenaren denboraldi berria aurkeztu zuten atzo Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan. Galiziako, Asturiaseko, Kantabriako eta Euskal Herriko aretoak biltzen dituen zirkuitu honek arte eszenikoen proposamenak trukatu eta zirkuitua osatzen duten 62 aretoetan erakustea du helburu.
Proposamen honek denboraldi berrian izango dituen berrikuntzen inguruan ere jardun zuten atzo egindako aurkezpen ekitaldian. Hala, arduradunek azaldu zutenez, Zumaiak ere bat egingo du zirkuituarekin. Orain artean, lau egoitza izan ditu Ipar Eszena Bideak herrialdean: Hondarribia, Eibar, Zarautz eta Mutriku. Hemendik aurrera Zumaia ere zirkuituaren parte izango da.
"Elkar aberasteko eta komunitateen arteko loturak sendotzeko funtsezko tresna gisa" definitu du Mari Jose Telleria kulturako diputatuak zirkuitu hau. "Ipar Eszena Bideak arte eszenikoen zabalkunderako plataforma bikaina eskaintzen du, gure nortasun kolektiboa osatzen duten errealitate eta tradizio desberdinak ezagutu eta balioesteko aukera ematen digun kultur elkarrizketa sustatzeaz gain. Ekimen hau arteak nola batu gaitzakeen eta gizarte gisa hazten lagunduko gaituenaren adibide bizia da".
Araba, Bizkai eta Gipuzkoan zortzi ikuskizun aurkeztuko dituzte Kantabriako (Trueba & Trueba eta Compañía Ruth Garreta – El Conejo Salvaje), Asturiaseko (Adrián Conde Espectáculos eta Teatro Plus), Galiziako (Colectivo Glovo eta Píscore Culturactiva) eta Nafarroako (Estefanía de Paz Asín eta Yarleku) Konstelazioen Zikloaren barruan.
Zumaian urriaren 25ean izango da zikloko emanaldia.