'Rvkaman', ikusgai

Aitziber Arzallus 2024ko ira. 3a, 09:00

Zumaiako kuadrilla batek ekoitzi du surfa eta laguntasuna ardatz dituen ikus-entzunezkoa, eta Youtuben ikus daiteke.

Joan den ostiralean festa berezia egin zuten Zumaiako Nikol tabernan. Herriko kuadrilla batek ekoitzi duen Rvkaman dokumentala estreinatu zuten han, taberna jendez leporaino beteta zela, eta izandako harrerarekin "poz-pozik" dira lanaren sortzaileak.

Rvkaman lagunartean ekoitzitako ikus-entzunezko lana dela azaldu du Mikel Lizarralde Pana-k. "Dokumental bat dela esatea gehiegi iruditzen zait, gehiago baita lagunartean ekoitzitako bideo bat. Hala ere, egia da olatu oso onak azaltzen direla eta bideoa oso polita gelditu dela". Surfa eta lagunarteko giroa, horiek izango lirateke ikus-entzunezko lanak uztartzen dituen bi esparruak; edota Panak berak zehatzago esan duen bezala, "surfa, bodyboarda, tutuak eta barre asko".

Ikus-entzunezkoa sortzeko ideia nola bururatu zitzaien ere azaldu du: "Garai batean, Tximista tabernan, surfeko bideoen lehiaketa egiteko ohitura zuten. Gazteagoak ginenean gu baino zaharragoak zirenak ikusten genituen gisa horretako bideoak egiten, eta pentsatu genuen geuk ere horrelako zerbait egin behar genuela".

Kuadrilla "ideala"

Horrelako lan bat egiteko kuadrilla "ideala" dutela azaldu du zumaiarrak. "Zortzi lagun gara, denok surfa egiten dugu, bideo polit batzuk bageneuzkan eta horiei txorakeria batzuk eta musika pixka bat erantsita, bideo kuriosoa gelditu zaigu. Horixe izan da gauza, lagunarteko bideo bat egitea, tutu onekin, txorakeria batzuekin eta gutxi gehiagorekin; eta hori guztia, nola ez, iaz joan zitzaigun Luken Korta lagunari eskainita".

Aurkezpen egunean Nikol tabernan sortutako giroarekin "oso pozik" daudela azaldu du Panak. "Taberna goraino bete zen, eta giro paregabean pasatu genuen gaua". Ikus-entzunezko lana ikusi nahi duen orok, Youtuben du eskuragai, Rvkaman izenarekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide