'Atozte', desgaitasuna duten herritarrei zuzendutako asteburuetako aisialdi zerbitzua jarri dute berriro martxan

Juan Luis Romatet 2024ko ira. 2a, 13:00

Atozte zerbitzuko erabiltzaileak irteera batean. (Zumaiako Udala)

Irailaren 21ean ekingo diote kurtso berriari, eta urriaren amaierara bitartean sei ekintza egingo dituzte. Izen-ematea dagoeneko zabalik dago.

Irailaren 21ean hasiko dute Atozte ekimenaren kurtso berria. 18 urtetik gora dituzten eta desgaitasuna duten zumaiarrei zuzendutako zerbitzua da honakoa, nahiz eta haren ateak zabalik dauden haien senitartekoentzat zein gainontzeko zumaiarrentzat ere. Programan parte hartzeko lehentasuna 18 urtetik gorako herritarrek duten arren, gazteagoek ere parte hartu dezaketela azaldu dute antolatzaileek.

Urriaren amaierara bitartean sei ekintza gauzatuko dituzte zerbitzuko erabiltzaileek. Guztiak ere larunbatetan egingo dira, 16:30etik 19:30era bitartean. Hezkide Eskolako hezitzaileen laguntzarekin, aisialdia beste modu batean bizitzeko aukera ematen zaie desgaitasuna duten herritarrei. 

Honako hauek dira lehen txandan antolatutako ekintzak:

  • Irailak 21: Ongi etorri saioa. Ikasturteko plangintza egiteko ideiak landuko dituzte eta, beranduago pintxo-potea egingo dute, Zumaiako triatloiaren giroa aprobetxatuta.
  • Irailak 28: Artadiko samieletara irteera.
  • Urriak 5: Argazkilaritza tailerra eta pintxo-potea. Mugikorrekin argazkiak nola atera ikasteko tailer praktikoa jasoko dute aurrena, eta pintxo-potera joango dira gero.
  • Urriak 12: Argazki lehiaketa eta pintxo-potea. Zumaia nire ikuspegitik gaitzat hartuta, mugikorrarekin ateratako argazki lehiaketa egingo dute; ondoren, pintxo-potea.
  • Urriak 19: Sari-banaketa eta pintxo-potea. Aurreko saioan ateratako argazkiak elkarrekin ikusiko dituzte. Ondoren, pintxo-potea.
  • Urriak 26: Kamisetak margotzeko tailerra eta pintxo-potea.
Ahalduntzea helburu

Aurtengo kurtsoko erronka nagusia erabiltzaile beraien ahalduntzea bultzatzea dela azaldu dute antolatzaileek. Horretara zuzendutako ekintzak egingo dituzte, eta, besteak beste, azarotik aurrerako egitaraua partaideek elkarrekin adostuko dute.

Kurtso berrirako izen-ematea dagoeneko zabalik dago. Parte hartu nahi dutenek 943 86 22 00 telefonora deitu beharko dute, gizarte langilearekin txanda hartzeko. Kurtsoari hasiera eman aurretik, irailaren 18an informazio saioa egingo dute, 16:00etan hasita, Branka eraikinean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide