Zumaia Swing jaialdiari egundoko giroarekin eman diote hasiera eguerdian, kofradia aurrean, lagunarteko dantza saioarekin. Rumblin' Groove Jazz Band taldearen erritmopean, hainbat bikote irten da plazara pauso biziak eta mugimendu elektrizagarriak askatzera. Donosti Lindy Hop dantza eta kultur elkarteak Zumaiako Udalarekin elkarlanean antolatu du hirugarrenez egun osoko ekitaldia, eta antolatzaileek aditzera eman dutenez, 70-80 lagun elkartu dira pozarren gaurkoan herrian.
Tamalez, goiz-eguerdi parteko eguraldi eguzkitsua ez dute lagun izango arratsaldean. Ekaitza iragarrita dagoenez, Nevermind Jazz Trio taldearen kontzertua Torreberrira lekualdatu dute; ordutegia bera izango da, 19:00etan. Bestalde, swing dantzarien Itzururunen dantza eginez eman nahi zioten amaiera jaialdiari, ilunabarrarekin bat eginik, baina baldintza meteorolgikoen mende daudela adierazi du elkarteko kide Evelio Perez zumaiarrak, eta ezinezkoa bada, Torreberrin ariko direla, 20:00etan.