Jarri dute San Jose komenturako pasabidea

Andoni Elduaien 2024ko abu. 20a, 15:36

Pasarela jarri dute komentuko irisgarritasuna bermatzeko. (Andoni Elduaien)

Goizean goizetik jardun dute San Jose kalean pasabidea muntatzeko lanetan. 14:15 inguruan jarri dute pasarela osatzeko hirugarren eta azken egitura. Bestalde, datorren asteartean kenduko dute San Jose komentuaren bueltan ia bi urtez egon den garabi finkoa.

Gaur, asteartea, goizean goizetik garabi mugikor erraldoi bat izan da Zumaiako Alde Zaharrean, eta ez dira gutxi izan ari begira egon diren lagunak; izan ere, San Jose komentuko eraberritze lanen barruan, komentua kaleari lotzeko pasabidea jartzen aritu dira goizean goizetik. Guztira, pasarela edo pasabidea egiteko hiru egitura lotu dituzte lurrari lotutako zutabeetara.

Kamioian banaka-banaka ekarri dituzte pasarelako hiru egiturak, eta handik bere kokalekura garraiatzeko garabia erabili dute. Goizean goiz hasi dira hura ondo kokatzen San Jose kalean bertan, eta ibilgailuek ezin izan dute handik igaro; guztiz itxita izan da goizean goizetik errepidea. 11:30 ingururako hasi dira aurreneko egitura zatia kokatzen, uste baino beranduago, baina lanak azkar eta ondo egin dituzte gero langileek, eta bata bestearen segidan jartzen aritu dira, harik eta 14:15 inguruan hirugarrena eta azkena jarri duten arte.

Pasabidearen egitura kokatu besterik ez dute egin gaur. Datozen egunetan ari lotutako lanak egingo dituzte, baita ingurua urbanizatzeko bestelako lanak ere. San Jose komentua eraberritzeko lanak martxa onean doaz aurrera, eta hori horrela, 2022ko azaroaren 30ean jarritako garabi finkoa datorren asteartean kenduko dutela jakinarazi du udaleko Hirigintza sailak.

Arrazoi hori tarteko, San Jose kalea itxita egongo da aste honetan eta hurrengoan, 07:30etik 18:30era bitartean, oraindik zehaztu gabeko egunetan. Kale hori autoentzako itxita egongo den egunetan Alde Zaharrera igotzeko trafikoa Arritokieta kalean gora desbideratuko dute. Ibai aldera jaisteko, berriz, Foronda azpitik doan aldapa erabili beharko da. Egun horietan, San Jose kalea itxita dagoen uneetan, aldaparen norabidea aldatuko dute, eta jaisteko erabiliko da, ez auzora igotzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide