Skate parke berria eta pump tracka egiteko kokalekuak aztertzen dabil azken hilabeteetan udala. Zumaiagukari aurreratu zionez, Estazio auzoan egitea da aukeretako bat, tren geltoki aurreko zabaldegian. Proposamen hori auzoko bizilagunekin, zein skaterrekin eta bizikleta taldearekin partekatu dutela ere azaldu zuen udalak.
"Hedabideetan irakurritakoak" bultzatuta, Estazioko bizilagunen ordezkaritza bat, Alfonso Garciak, Puri Tenak eta Joseba Esnalek osatutakoa, Zumaiagukarekin bildu da proposamen horren inguruko iritzia emateko. Bizilagun hauek azaldutakoaren arabera, duela lauzpabost hilabete izan zuten lehendabizikoz skate parkearen proposamenaren berri, "udal ordezkariekin izan genuen bilera batean. Auzoko gaien inguruan hitz egiten ari ginen, eta esan ziguten planteatzen ari zirela skate parkea auzoko goi partean jartzea. Ezer ez genekiela esan genien, lehen albistea genuela, eta gure artean hitz egingo genuela esan genien, bizilagunekin partekatzeko beharra ikusten genuelako", azaldu dute.
Frontoian egin zuten bizilagunen arteko bilera eta bertara hogei bat lagun hurreratu zirela gogoratu dute. "Udalak esan ziguna azaldu genien. Atera zen ondorioa izan zen ez genuela ikusten tren geltoki aurreko espazio hura aipatu azpiegitura egiteko leku egoki bezala". Geltoki aurreko gune horrek dituen sarbideak "infernu bat" direla uste dute bizilagunek, arriskutsua. "Eskaileratik igo beharko lukete edo, bestela, autobusek-eta erabiltzen dituzten aldapatik. Hortik jaisten diren ibilgailuak ziztu bizian jaisten dira", diote. "Gero, hara joango liratekeen pertsonak, patinetean edo bizikletan, behin bukatutakoan ez lirateke jaitsiko patinetea edo bizikleta eskutan dituztela; ziztu bizian jaitsiko lirateke, adrenalina topera dutela. Horri auzoko bizilagunek izango luketen molestiak, soinuak, gehitu behar zaizkie", gaineratu dute.
Garciak, Tenak eta Esnalek garbi utzi nahi dute ez daudela skate parkea Estazio auzoan egitearen aurka, baina bai kokaleku horretan. "Ez dugu gaizki ikusten skate parkea egitea, baina ibilgailu asko – autobusak, kamioiak, karabanak – ibiltzen den toki batetik joan beharko lukete. Guretzako puntu beltz bat da eta ez dugu ulertzen nola ez duten ikusten benetan arriskutsua dela", dio Tenak. "Kontsideratzen dugu", gaineratu du Garciak, "Estazioaren barruan beste leku batzuk egokiagoak daudela, askoz ere irisgarriagoak, eta ez dakigu zergatik ez dituzten planteatu. Hor daude autokarabanak aparkatzeko erabiltzen dituzten guneak; aparkatzeko hiru gune daude zabalgune horretan, eta Egurko aldera egiten baduzu, han badago zelaigune gehiago. Herritik hurbil jarri nahi badute, hiru gune horiek herrigunetik hurbil daude eta bidegorriaren bidez irisgarriak dira. Parkea estazioan jarri nahi badute, ez dugu ulertzen zergatik ez dituzten aukera horiek aztertzen".
Beti ere bizilagunen arabera, abandonatutako gune bati soluzioa eman nahi dio udalak skate parkearen bidez. "Ikusten badute gune hori arazo bat dela, eta skate parkearen bidez soluzio bat ematen diotela, bada aztertu ditzatela beste aukera batzuk arazo horri soluzioa emateko, askoz ere atseginagoak diren aukerak", diote.
Une honetan impasse batean aurkitzen direla iritzi diote Estazioko bizilagunek. "Ez dakigu zer ari diren proposatzen. Bitartean, hedabideen bidez albisteak irakurtzen ari gara eta guk ez dakigu ezer".