Paristik Madrilera, Madrildik Bilbora eta Bilbotik Zumaiara. Espainiako selekzioarekin Olinpiar Jokoetan brontzezko domina irabazi duen Kauldi Odriozola gaueko 10ak pasa direla heldu da bere jaioterrira, eta, dagoeneko bazekien bezala, omenaldia egin diote bere herritarrek.
Pulpo Eskubaloian hazi eta hezi da Odriozola, eta hark harrera ekitaldia prestatu dio. Kofradian izan da omenaldi ekitaldia. Bidean, aurreskua dantzatu dute bere ohorez, eta herritarrek egindak pasillotik igaro da Odriozola Kofradiako balkoira ateratzeko. Han, lehenbizi Pulpok eta ondoren udalak, Iñaki Ostolaza alkatearen eskutatik, opari bana jaso ditu Kauldik. Izan du bere herritarrei esker ona adierazteko aukera ere klubeko lagunekin, familiartekoekin edo udal agintariekin argazkiak atera aurretik.