Olinpiar Jokoak 2024

Parisko Jokoetatik brontzezko dominarekin itzuliko da Kauldi Odriozola

Juan Luis Romatet 2024ko abu. 11a, 11:19

Espainiako selekzioko jokalariak Olinpiar Jokoetan lortutako domina ospatzen.

Zumaiar batek Olinpiar Jokoetan eskuratzen duen lehen domina da. Odriozolak bi gol sartu ditu domina lortzeko partida erabakigarrian. 

Parisko Jokoetan izango zela jakin eta gero Zumaiagukari emandako elkarrizketan, Kauldi Odriozola eskubaloi jokalari zumaiarrak zioen ametsa zela Olinpiar Jokoetan egotea, are gehiago domina lortzea. Bada, ametsa betetzeko aukera izan du zumaiarrak, brontzezko domina eskuratu duelako Espainiako selekzioarekin.

Gaur goizez jokatu dute kontsolazioko finala Lillen (Frantzia). Eslovenia eta Espainia neurtu dira brontzezko dominaren bila eta espero bezala partida berdindua eta borrokatua izan da, Joko hauetako partida denetan gertatu den bezala. 

Partidaren hasieran Eslovenia izan da aurretik (2-3, 3-4, 4-6), baina Espainiako selekzioa gai izan da erreakzionatzeko, baita aurretik jartzeko ere. Atsedenaldira hamabinako berdinketarekin joan dira bi selekzioak. Aldageletatik bueltan, aurrea hartu du Espainiak, baina aldea ez da inoiz bi goletik pasa. Amaiera edozein urduri jartzeko modukoa izan da. Selekzio baten golari beste batekin erantzun dio besteak. Azken segundoetara gol bateko aldearekin heldu da Espainia, baina Esloveniak berdinketakoa sartu eta luzapenera joateko hogei segundo izan dira. Ez da hala izan: balkaniarren azken jaurtiketa geratu du Perez de Vargas atezainak. Amaieran, pozaren pozez ospatu dute Espainiako selekziokoek lortutako balentria.

Kauldi Odriozola hasierako zazpikoan sartu du Jordi Ribera hautatatzaileak, azken partidetan gertatu bezala. Erasoan, lehen bi jaurtiketetan ez du asmatu, bai horrengo bietan. Bereak izan dira Espainiako selekzioaren zortzigarren eta bederatzigarren golak. Gaurko dominarekin, palmaresa handitu du Odriozolak.

Kauldi Odriozolaren palmaresa
  • 2016. Junior mailako Europako txapelketan, Aljerian (u-20), urrezko domina.
  • 2017. Junior mailako Munduko txapelketan, Danimarkan (u-21), urrezko domina.
  • 2022. Mediterraneoko jokoetan, Aljerian, urrezko domina.
  • 2022. Europako txapelketan, Hungarian eta Eslovakian, zilarrezko domina.
  • 2023. Munduko txapelketan, Polonia eta Suedian, brontzezko domina.
  • 2024. Olinpiar Jokoetan, Frantzian, brontzezko domina.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide