Olinpiar Jokoak 2024

Alemaniaren aurka galduta, brontzezko dominaren jokoan izango da Odriozola Espainiako selekzioarekin

Maria Maya Manterola 2024ko abu. 9a, 18:30

Lehen zazpikoan atera da Odriozola kantxara, eta bi gol sartu ditu.

Finalerako txartela izan dute jokoan gaur Olinpiar Jokoetan Alemaniako eta Espainiako selekzioek. Lehen zatia osorik jokatu du Kauldi Odriozolak, eta bi gol sartu ditu zumaiarrak. Gol bakarrarengatik galdu du Espainiak.

Finalera sailkatzeko partida jokatu dute gaur Espainiako selekzioak eta Alemaniak Parisko Olinpiar Jokoetan. Alemaniarrek partidaren hasieratik hartu dute aurrea, eta horiek hiru gol sartuta zihoazenerako iritsi da Espainiako selekzioaren lehena, Kauldi Odriozolaren eskutik. Jordi Ribera hasierako zazpikorako hautatu du zumaiarra, eta bi gol sartzea lortu du partida erabakigarrian.

Hamalaugarren minutuan etorri da lehen berdinketa, seina. Baloi batzuk lapurtu ditu Espainiak, baina berriz ere Alemaniak aurrea hartzea lortu du. Lehen zatian dinamika hori errepikatu da: alemaniarrak aurretik eta Espainiako selekzioa segika, alde txikiarekin. Azken segundoetan Alex Dujshebaev Espainiako jokalariak sartu duen golari esker berdinketarekin amaitu da lehen zatia, hamabina. 

Bigarren zatiaren hasieran berdinketatik atera da Alemania, baina gertutik jarraitu du Espainiak. Dena den, azken hamar minututan erabaki da finala jokatuko duen selekzioaren izena. Une batean Espainiako selekzioa aurretik joan den arren, Alemaniak eskuratu du garaipena azkenean, 25 eta 24.

Finalerako txartela galduta, brontzeko domina irabazten saiatuko da Espainiako selekzioa. Igandean jokatuko du partida, goizeko 9:00etatik aurrera, bigarren finalerdiko galtzailearen aurka, Danimarka edo Eslovenia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide