Atzo ekin zioten Dinastia Etxabe pilota txapelketaren 52. edizioari. Aitzuri pilotalekuan bi norgehiagoka jokatu ziren lehen jardunaldian, eta nagusitasunez izan ziren garaile Oskoz-Balerdi eta Egiguren-Sotil bikoteak, aurkariei hamar puntu baino gehiagoko aldea aterata.
Javier Oskoz eta Asier Balerdi bikoteak Xabier Rekalderen (Txumulutxueta) eta Iker Garciaren (Tolosa) aurka jokatu zuten lehendabizi, 21:00etan hasita. Azken biek ezin izan zuten partida behar bezala hasi, eta kosta egin zitzaien gero Oskoz eta Balerdiren mailari eustea. Garaileek segurtasunez menderatu zuten norgehiagoka –22 eta 8an utzi zuten markagailua–, eta lortutako emaitzari esker, final laurdenetara sailkatu dira. Abuztuaren 5ean itzuliko dira, eta Mikel Aranbarri eta Aingeru Bernaolaren aurkako neurketa izango dute.
Bigarren partidan, Iker Egiguren (Ilunpe) eta Julen Sotil (Larraun) 22 eta 9 gailendu zitzaizkien Xabi Apaolazari (Hernani) eta Eneko Belokiri (Gazteleku). Noizbehinkako kolpe onen bat kenduta, huts egin zuen Belokik kantxan, eta ezin izan zuen hitzorduaren dinamikan sartu. Enekoren akatsak garrantzitsuak izan ziren Apaolazarentzat, eta ezin izan zuen aukerarik ikusi, ezta konfiantzarik ere. Egigurenek eta Sotilek ez zuten huts egin, eta Azpeitiko aurrelariak behetik gorako partida osatu zuen. Abuztuaren 8an Oihan Etxeberria eta Oier Elorz izango dituzte aurkari.
Gaur jokatuko dute bigarren jardunaldia: Igoak eta Santestebanek Altuna eta Landa izango dituzte aurkari, eta, gaueko bigarren partidan, Hormaetxek eta Abenizek Sarasibar eta Bullon.