Maria Zubimendi: "Betidanik izan dut gogoa bideoarekin zerbait egiteko. Diziplina desberdinak nahastea gustatzen zait"

Juan Luis Romatet 2024ko uzt. 31a, 13:30

Maria Zubimendi akordeoi-jotzailea. (Utzitakoa)

Musika eta bideoa uztartuko dituzte Maria Zubimendi akordeoi-jotzaileak eta Jokin Guridi bideo-artistak gaur, 21:30etik aurrera, Alondegiko Oxford erakusketa aretoan. Zumaiako 40. Musika Jaialdiaren barruan emango duen kontzertuaz aritu da musikari zumaiarra GUKArekin.

Musika eta bideo-artea uztartuko dituzue gaurko emanaldian. Nola sortu zen saio horretarako ideia? 

Egoerak eramanda sortu da. Kultura Sailetik esan zidaten Zumaiako musika zikloak 40 urte beteko zituela eta galdetu zidaten ea zerbait egitea banuen. Egia esan, bakarlari moduko ibilbidea utzita nuen; batez ere ganbara musikan zentratuta nengoen. Baina, apirilaren 2an deitu zidaten Madrildik, Auditorio Nacionaletik, bertan errezitaldi bat emateko. Egitaraua pentsatzen jarri nintzen. Hainbeste urte eta gero, gustukoa nuen zerbait jo nahi nuen. Zumaian joko dudan egitaraua proposatu nuen eta egia da publikoaren aurrean gustatu zitzaidala nola funtzionatu zuen. Esan zidatenean hemen zerbait jotzeko, egitarau hura errepikatzea gustuko izango nuela esan nien.  

Gero, betidanik izan dut gogoa bideoarekin zerbait egiteko. Diziplina desberdinak nahastea gustatzen zait, nahiz eta bideoarekin gauza askorik egin gabe nago. Zukan hirukotearekin bai, harekin duela gutxi egin genuen zerbait, baina oso txikia zen. Jokin Guridiren erreferentzia banuen, eta ikusi nuen garaia zela: zikloaren urteurrena, nik zerbait desberdina egiteko gogoa, eta, gainera, Zumaian egingo dut formatu honen eszenaratzea. 

Jokin Guridi bideo artista izango duzu gaur alboan. Aurretik elkar ezagutzen al zineten? 

Ez. Bai bere lana ikusi dudala berekin harremanetan jarri aurretik. Erreferentzia onak nituen, eta berekin kontaktua egin nuen. Esan nion Zumaian saio hau egongo zela, eta gero gerokoak. Hala hasi ginen lanean.  

Jaialdiaren aurkezpenean esan zenuen hiru hilabetean egon zaretela lanean kontzertu hau prestatzeko. Nola egin duzue lan elkarrekin hain diziplina desberdinetik zatozen bi pertsonek? 

Egia esan, ez nekien ondo nondik jo, joko dudan obra bakoitza oso desberdina delako; elkarren artean zer ikusirik ez duten lanekin osatu dut egitaraua. Errepertorioan hiru obra garaikide daude eta bi barroko garaikoak. Berez, kontzertuak ez du hari bat. Errepertorioa aukeratu nuenean garaikideko eta barrokoko obrak aukeratu nituen, jotzeko garaian gogokoen ditudan bi garai direlako.

Batez ere, garaikidearekin sentitzen naiz identifikatuta eta akordeoi mikrotonalarekin lan egiteko gogoa ere banuen. [Bideoak lantzerako orduan] Konposatzaile bakoitzaren oharrak hartu nituen, egileak  lan horiek zer ideiarekin egin dituen azaltzen duten oharrak, eta Jokini gidoi antzerako bat bidali nion. Lanen azalpenetatik abiatuta, Jokini proposatu nion nondik joan zitekeen. Bideoa erabilita, kontzertuari arku bat eman diogu. Obra bakoitzak du bere bideoa, bere izaera, baina denak izango du halako osotasun bat. Bideoaren bidez, hasieratik bukaerara arte osotasun bat emango diogu, baina ez da asmoa zerbait kontzeptuala izatea.  

Kontzertuko parte diren bideo horiek dagoeneko eginda daude, edo zuzenean sortutakoak izango dira? 

Biak uztartuko ditugu. Ideia nagusiak dagoeneko sortuta ditugu; badakigu zer irudi edo zer motako irudiak landuko ditugun obra bakoitzean. Bi eratara egingo du lan Guridik. Nik erabiliko ditudan mikrofonoetako soinua bere mahaira sartuko da, eta behin soinu hori jotzean irudiak agertuko dira. Hori da berak dagoeneko programatuta duena. Baina gero zuzenean inprobisatzen joango da nire erreakzioen arabera.  

Euskal Herriko hiru konposatzaileen obrak joko dituzu. 

Bai, Gabriel Erkoreka, Zuriñe Gerenabarrenarena eta Mikel Chamizo musikariena. Akordeoi mikrotonalarentzako obra askorik ez dago, akordeoi mota horretarako aukera oso urria da, baina aukera horren barruan badut esperientzia konpositore hauen obrak jotzen. Bakarka jo behar dut eta banuen musikari hauen lanean sakontzeko gogoa.  

Musika eta irudia uztartuko dituzue, baita musika garaikidea eta barrokoa ere.  

Kontziente izan behar zara norentzako ari zaren jotzen. Musika garaikidea oraindik ere, nahiz eta ez lukeen hala izan behar, aurreiritziz betetako musika estilo bat da. Jendeak dio oso zaila dela, eta neurri batean hala da. Pintura abstraktuarekin gertatzen denaren antzera da, gustatuko zaizu edo ez. Musika garaikidearekin hala gertatzen da, ez duzu melodia edo erritmo garbirik, beste ezaugarri batzuekin ari gara lanean: tinbreak, testurak, intentsitateak, disonantziak... Egia da entzuteko zailagoa dela ez duzulako betiko erreferenterik; heldulekuak izatea ere zailagoa da. Bi estiloak bateratuta, horrek erraztu bezala egiten du esperientzia. Musika barrokoak aire pixka bat ere ematen du musika garaikideko hurrengo obrari ekin aurretik. Bideoan ere hori bilatu nahi izan dugu.  

Zumaian duzu estreinaldia. Bertigorik ba al duzu? 

Herrian jotzeak beti ematen du bertigoa. Kontziente naiz musika garaikidearentzako ohiko lekua ez dela, eta, demagun, Piazzollaren kontzertu bat emateak baino bertigo handiagoa ematen du ez dakizulako jendeak nola erreakzionatuko duen. Teknikoki ere konplikatua da eta horrek ere beti sortzen dizu errespetoa. 

Ez zara geldirik egotekoa. Hurrengo bizpahiru pausoak dagoeneko pentsatuta izango dituzu. 

2024. urtea oso potentea ari da izaten. Zukan Hirukoteak hamar urte bete ditu aurten eta ikaragarrizko mugimendua izan dugu urteko lehen seihilekoan. Andaluzian bitan izan gara, Kanariar Uharteetan, Montrealen (Quebec, Kanada) egon gara, leku pila batean egon gara, eta udazkenean ekitaldi gehiago ditugu hemen inguruan. Esti Curielekin sortutako kontzertuarekin ere saio ugari atera zaizkigu irailean eta urrian. Bakarkakoan, berriz, proiektu honekin hasten nabil, eta badut mugitzeko asmoa.

Arrasateko akordeoi lehiaketara joaten zen neska hartan errekonozitzen al zara? 

Bai, nire garapenak hortik joan behar zuen. Heziketa musikal desberdina jaso duen jendea dago: batzuk askoz ere heziketa klasikoagoa jaso dute nahiz eta akordeonistak izan; beste batzuk heziketa tradizionalagoa. Nire kasuan, oso gaztetik hasi nintzen musika garaikidearekin, eta hori abiapuntua da beste diziplina batzuek lantzeko. Musika garaikidea hain da zabala, hainbeste gauza daude probatzeko, azkenean kuriositateak eramaten zaituela gauza bat eta bestea probatzera, eta gauza batekin edo bestearekin lan egitera. Azkenean, kuriositateak eramaten zaitu halako proiektuak martxan jartzera. Hori da gehien gustatzen zaidana. Bestela aspertu egiten naiz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide