Dotore janzteko aitzakiarik ez da faltako zapatuan

Maria Maya Manterola 2024ko uzt. 31a, 15:30

2022ko argazki txokoko irudi bat. (Maria Maya Manterola)

Gala Eguna ospatuko dute larunbatean zumaiarrek. GUKAren eskutik, argazki txokoa izango da Saregile plazan, eta eguneko oroigarria gorde ahal izango dute herritarrek.

Urtero legez, abuztuaren lehenbiziko larunbatean Gala Eguna ospatuko dute Zumaian, eta aitzakia bikaina izango dute herritarrek beren arroparik dotoreenak jantzi, kalera irten eta lagunartean afaltzeko. Udalak, gainera, arratsalde partean hasi eta gauerdia pasatzerainoko egitaraua antolatu du zapaturako.

Zumaia Gukak ere bere alea jarriko du festa giroan. Izan ere, urtero bezala, udalarekin elkarlanean antolaturiko argazki txokoa izango da Saregile plazan 19:00etatik aurrera –euria egingo balu, Alondegiko Oxford aretoan jarriko lukete argazki txokoa–, eta herritar orok argazkiak ateratzeko aukera izango du bertan. Hurrengo egunetik aurrera ikusi ahal izango dira argazki horiek guztiak zumaiaguka.eus webgunean. 

Ordu berean, Eusebio Gurrutxaga plazatik hasita, DeBrass Band taldearen eskutik, kalejira izango da. Haize instrumentuez osaturiko Debako (Gipuzkoa) taldea da, eta askotariko estiloak nahasten ditu: funkya, soula nahiz teknoa. Horrez gain, gauean ere izango dira emanaldiak: 23:00etan Davila DJak zuzenekoa eskainiko du Kofradian, eta ordu erdi geroago hasiko da Old Glasses taldearen kontzertua Eusebio Gurrutxaga plazan.

Abuztua, bete-betea

Datorren asteburuan bakarrik ez: abuztuko gainerako asteburuetan ere jarraipena izango du Zumaian festa giroak. Izan ere, abuztuaren 9an, ostiralarekin, Euskal Jaia ospatuko dute herrian, eta egun osoko festa izango dute zumaiarrek, baserritarren jantziak soinean dituztela. Alde Zaharreko azoka, musika emanaldiak, balkoitik balkoirako bertso saioa, dantzaldiak nahiz jada tradizio bihurtu den sagardo dastaketa izango dira egun horretan. 

Abuztuaren 17an, berriz, Kuadrilla Eguna ospatuko dute, eta Dardara Fest jaialdiaren barruan, kontzertuak izango dira Amaia plazan. Ithaka eta Leihotikan taldeek eta Eire bikote zumaiarrak eskainiko dute emanaldia. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide