Etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek hitzarmena sinatu dute

Juan Luis Romatet 2024ko mai. 30a, 16:00

Etxez etxeko zerbitzuko langileak, pozik hitzarmena lortu ondoren. (ELA sindikatua)

ELA sindikatuaren arabera, langile hauek sinatutako bigarren hitzarmenari esker %19ko igoera izango dute soldatetan.

Zumaiako etxez-etxeko zerbitzua kudeatzen duen Eulen soziosanitarioak enpresak eta langileak ordezkatzen dituen ELA sindikatuak hitzarmena sinatu dute, azken honek adierazi duenez. Era horretara, amaitutzat eman dituzte langileek azken asteotan abian zituzten protesta ekintzak eta greba deialdiak. "Beste behin ere ezinbestekoak izan dira langileen antolakuntza, mobilizazioak eta grebak prekarioak diren langileen baldintzak nabarmen hobetzeko", azpimarratu du sindikatuak.

Etxez-etxeko laguntza zerbitzua publikoa da, baina haren kudeaketa pribatizatuta du Zumaiako Udalak. Enpresak eta langileak ordezkatzen dituen sindikatuak lortutako hitzarmenari esker, lizentzia berri batzuez gain, hiru urteetarako gutxienezko %19ko soldata igoera izango dute langileek. "Garaipen handia da kolektibo osoarentzat, sektoreko baldintza prekario eta soldata arrakalari aurre egiteko", nabarmendu du ELAk.

Sindikatuak gaineratu duenez, Zumaiako etxez etxeko laguntza zerbitzua 22 emakumek osatzen dute. "Herriko nagusi zein menpekotasuna duten pertsonei laguntzen diete, bizitzeko beharrezkoak dituzten zainketa, etxeko martxa eta bestelakoetan lagunduz. Batzuen kasuan, egunean duten harreman bakarra izaten dute langileekin".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide