Euskal Herriko joaldunen taldeak batzen dituen elkarteak Zumaian egingo du bat zapatuan. Herriko joaldunek beste herri batzuetakoekin astinduko dituzte beren joareak Zumaiako kaleetan, eta egun osoko festarekin borobilduko dute topaketa.
Inpernupeko Joareak taldeko Axier Lopezek azaldu duenez, Euskal Herrian joaldun talde ugari dago, eta horiek guztiak koordinatzeko eta elkar ezagutzeko taldea da batzarra. "Elkar laguntzeko taldea da, eta horrez gain, urtero egiten dugu halako festa bat", dio Lopezek. Iaz, Sopelan (Bizkaia) egin zuten festa hori, eta Zumaiako taldea antolatzeko prest agertu ondoren erabaki zuten hurrena bertan egitea.
110 joaldun
Euskal Herriko hainbat txokotatik helduko diren 110 joaldunak kalez kale ibiliko dira larunbatean. Eta, bazkaritan, herriko nahiz herritik kanpoko jendea ere batuko zaie haiei. "Zarata handia" espero da, beraz, egun horretan.
Bazkaria baino lehen, 11:30 aldera, emango diote hasiera egitarauari. Herriko kaleetan zehar kalejira egingo dute joare guztiek elkarrekin, eta gero, 13:30ean, plaza dantzak egingo dituzte. Bazkalordua Andoni Ollokiegi musikariak girotuko du, eta arratsaldean, 18:30ean hasita, herriko Hamarru elektrotxaranga arituko da kalez kale.
Hamabi urteko ibilbidea
Hamabi urte baino gehiago igaro dira Inpernupeko Joareak taldea sortu zutela. "Probatzeko harra" sartu zitzaien lagunartean, eta esan eta egin. Gerora, ordea, tradizioarekin lotutako zenbait ospakizuni –Ekhi gaua edota Olentzeroren etorrera– buelta eman eta ekitaldi horiek parte hartzaileagoak egiteko baliatu zuten taldea.
"Euskal Herriko beste jende batekin" harremanak egiteko ere aukera polita ematen du taldeak Lopezen ustez, festa giroan sortzen baitira harreman horiek. Joaldunak non, festa han. Hala izango da Zumaian larunbatean ere.