"Euskarari indarra eman eta gure seme-alabentzako eredu" izateko helburua duen ekimena jarri dute martxan Zumaiako hiru ikastetxeko guraso elkarteek. Biok bai du izena ekimen honek eta helburu nagusia gurasoen hizkuntza ohiturak aldatzea duela nabarmendu zuten atzo arratsaldean Alondegian egin zen aurkezpen ekitaldian. Guraso elkarte hauetako kideez gain, aipatu ikastetxeetako, udaleko eta Larraina euskara taldeko kideak izan ziren bertan.
Ekitaldian adierazi zutenez, proiektu hau Zumaiako Herri Eskolako, Institutuko eta Zumaiena Ikastetxeko guraso talde baten kezkatik sortu zen. Lehenengo ideia izan zutenetik proiektua aurkeztu zuten arte urtebete inguru igaro dela ere azaldu zuten, baita prozesu osoan Zumaiako Udaleko euskara zerbitzua bidelagun izan dutela ere. Eskola eremutik abiatuta, gurasoen artean euskaraz gehiago hitz egiteko ahalegina egitea proposatzen du ekimen honek.
Izan ere, proiektuaren sustatzaileak jakitun dira euskaraz hitz egiteko gai izan arren, guraso askok beraien artean gazteleraz egiteko ohitura hartuta dutela. Hala, ekimena pertsona hauei zuzenduta dago, eta bi pertsonen arteko borondatezko hitzarmen bat sinatzea suposatzen du. "Bertan, bion artean euskaraz hitz egiteko konpromisoa sinatuko du. Presiorik gabe, norberak hautatutakoarekin euskaraz lasai hitz egiteko aukera izango dugu".
Halako ekimen bat taldeka egitea zaila dela iritzi diote, eta hasiera batean bikoteka egingo dute. Parte hartu nahiko duten bikoteek hitzarmena sinatu beharko dute. Horretarako, egun eta ordu batzuk jarri dituzte. Lehenbizi, ikastetxe mailan egingo da: Zumaienan maiatzaren 15, 16 eta 17an, 16:30etik aurrera, eskolako patioan, eta Zumaiako Herri Eskolan maiatzaren 22an, 23an eta 24an, ordu berean, eskolako patioan hau ere.
Proiektuaren bultzatzaileek azpimarratu dute, hala ere, guraso izatea ez dela ezinbestekoa ekimen honetan parte hartzeko. "Kalean zein lagunartean euskararen erabilera bultzatu nahi dutenek hitzarmena sina dezakete lagun eta ezagunekin". Horretarako, Kofradiara gerturatu daitezke maiatzaren 29, 30 eta 31n, 16:30etik aurrera. Irailetik aurrera beste deialdi bat egingo dutela ere iragarri zuten.
Biok bai ekimena ezagutzera emateko asmoarekin, Instagrameko kontu bat ere zabaldu dute (@biokbai), eta parte hartuko duten bikoteei argazkiak ateratzea eskatuko diete, kontua elikatzen joateko asmoarekin.
Proiektuari ongietorria
Aurkezpen ekitaldian izan ziren udaleko eta Larraina taldeko ordezkariek beraien poza erakutsi zuten halako proiektu bat martxan jarri dutelako. Josune Herrarte Zumaiako Udaleko euskara teknikariak adierazi zuenez, "poza eman dio gurasoengandik eta hezkuntza komunitatetik sortu delako". Aitor Manterola euskara zinegotziak, berriz, "ongietorria" eman zion proiektuari. Eskolak festa eta antzeko ekimenetan elkar hartuta ibiltzen direla esan zuen Manterolak. "Beste gai handiago batzuetan eta denoi eragiten digutenetan, euskara kasu, ere elkarlanian aritzea beharrezkoa da. Izan dadila hau pauso bat bide horretan".
Ereserkia ere bai
Guraso elkarteek abiatutako plangintza honek bigarren ildo bat izango duela ere informatu zuten. Beraien asmoa da ereserki bat sortzea "kirol jarduera guztietarako balioko duena". Eire taldeak sortu du kanta eta Hamarru Elektrotxarangak jarriko dio musika. Bideoklip bat egiteko asmoa ere badute, "herriko kirol elkarte guztien parte hartzearekin".