Olinpiar Jokoak 2024

Janire Gonzalez-Etxabarri: "Surflarion arteko elkartasunak bere fruituak eman ditu"

Aritz Mutiozabal 2024ko mar. 7a, 10:03

Janire Gonzalez-Etxabarri aireportuan, herenegun. (Utzitakoa)

Min hartuta, baina Olinpiar Jokoetarako txartela poltsikoan duela oso pozik itzuli da etxera Zumaiako surflaria. Itzurunen egin zioten harrera ez zuen espero, eta familiarekin eta lagunekin "oso eskertuta" dago.

Espero al zenuen horren harrera beroa jasotzea etxera iritsitakoan?

Pentsatzen nuen aireportuan zerbait prestatuta izango zutela. Izan ere, halako lorpenak eskuratzen direnean ohikoak izaten dira asteartekoa bezalako harrerak. Aitzitik, Itzurunen egin zidaten ongietorria ez nuen inolaz ere espero. Elkartean afari-merienda bat antolatuko zutela uste nuen, baina ez halako ezusterik. Beraz, oso eskertuta nago familiarekin eta Zumaiako lagunekin.

Olinpiar Jokoetarako txartela eskuratu duzu, baina nola joan da munduko txapelketa?

Egia esan, txapelketari ez nion hasiera oso ona eman. Belauneko lesio batetik osatu berri joan nintzen Puerto Ricora, eta orain, atzera lesionatuta itzuli naiz; nire azken kanporaketan hartu nuen min. Baina, esan bezala, ez nion lehiari bide onetik ekin: lehenengo kanporaketan kalera joan nintzen. Eskerrak bigarren aukeran dena txukun atera zitzaidan eta horrek aurrera egitea ahalbidetu zidan. Pausoz pauso, kanporaketaz kanporaketa, bukaerara arte iritsi nintzen. Beraz, ezin naiz kexatu!

Zerk aldatu edo irauli zuen zuen zure lehiarako dinamika?

Txapelketan aurrera egin ahala, konfiantza gehiagorekin aritu nintzen surfean, eta azkeneko kanporaketetan oso ondo sentitu nintzen, belauneko inolako arazorik gabe. Azken finean, egundoko taldea osatu genuen Puerto Ricora joan ginen surflariok, eta uste dut geure arteko elkartasun horrek bere fruituak eman zituela.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide