Koloreek eta askotariko mozorroek hartu dute gaurkoan kalea. Izan ere, eguraldi kaskarra izan arren gogotik hartu dituzte Inauteriak zumaiarrek.
Astindu dantza taldekoek, esaterako, kalejira egin dute eguerdi partean Beheko plazatik hasita. Gabonen bueltan eskainitako The Blues Brothers emanaldia kalera atera dute gaurkoan, kapelak, ileordeak eta trajeak soinean.
Zumai txarangak, berriz, herriko kaleak alaitu ditu, eta zenbait herritar batu da Inauterietarako propio prestatutako emanaldira. Abesten eta dantzan parte hartu dute haurrek nahiz helduek txarangaren kalejiran.
Arratsalde partean ere izango da zer gozatua: Zumai txarangak bigarren emanaldi bat eskainiko du herriko kaleetan zehar, eta mozorro lehiaketaz gain, kontzertuak ere izango dira iluntzean Amaia plazan. Karter, Hoben eta Occhi di Farfalla taldeak igoko dira oholtza gainera.