Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakundu Publikoak Gaitu egitasmoa sustatu dute. Programa honen helburua "makinei, teknologiari eta adimen artifizialari euskara irakastea" da, "mundu digitalean ere euskaraz bizi gaitezen". Horretarako, ahotsen datu-basea sortu nahi da. Behin datu-basea sortuta, enpresa guztiek erabili ahal izango dute euskarazko tresna eta aplikazio berriak sortzeko.
Aipatu ahots sistema sortzeko, garatzaileek ahots grabazio asko eta askotarikoak behar dituzte. Horretarako, gaitu.eus webgunean sartu daiteke eta ahalik eta esaldi gehien grabatu behar dira euskaraz. Proiektuan parte hartzeko beste pare bat aukera ere badaude: batetik esaldi berriak idatziz, eta, bestetik, programak jasota dauzkan esaldien zuzentasuna baloratuz.
Horri lotuta, Euskal Kostaldeko Geoparkea osatzen duten herrietan, Deban, Mutrikun eta Zumaian, ekimen desberdinak egingo dira. Datozen
Deban, abenduaren 2an eta 3an, ahotsak grabatzeko tokia eta tartea eskainiko die udalak hala nahi duten norbanako zein herriko eragileetako partaideei. Goizeko 10:00etatik 14:00etara, Udal Pleno aretoan grabaketak egiten arituko dira, txandaka-txandaka. Igandean, Euskararen Eguna dela aprobetxatuz, musika pixka bat eta jateko zeozer izango da bertan.
Mutrikun, abenduaren 3an jarri dute Gaituri bultzada emateko hitzordua. Ahotsak mokadu truke! izenburupean, 11:00etan hasi eta 14:00ak bitartean Beheko Plazan elkartu eta norbere gailuarekin parte hartzeko aukera izango da. Trukean, Mutrikuko Udalak mokadutxo bat eskainiko die bertaratzen direnei. Gainera, ekimena girotzeko, bertso poteo musikatua egingo dute bertan, 13:30ean hasita.
Azkenik, Zumaian, KZgunea izango da ahotsak grabatzeko gune berezia. Azaroan arratsaldez eta abenduan goizez, egunero eskainiko dute aukera hori, ordenagailu bat egongo delako horretarako gordeta. Hori bai, badaezpada aurrez txanda eskatzea komeni da, 943-02 36 92 zenbakira deituta edota tutor.zumaia@kzgunea.net helbidera idatzita.