Ama-alaba gehienek Kontxako Bandera telebistatik edo Donostiako portutik ikusten duten bitartean, Miren Garrastazuk (Getaria, Gipuzkoa, 1979) eta Argia Ibarrek (Getaria, Gipuzkoa, 2005) traineru barrutik bizi dute. Sinestezina badirudi ere, hala da. Garrastazu eta Ibar Zumaiako Telmo Deuna arraun elkarteko arraunlariak dira, eta bigarren urtez ari dira batera arraunean. Bitxikeria moduan, tosta berean egiten dute arraun, soinez soin. Garrastazuk gaztetan egin zuen arraun, baina utzia zuen hogei urtez baino gehiagoz. Ibarrek, ordea, hasi berria zuen ibilbidea, baina etorkizuna ezbaian: Zumaiako neska taldeak arraunlariak behar zituen ur gainean jarraitzeko. Jendea behar, eta amari zabaldu zion gonbidapena; eta gaur arte. Garrastazurentzat, "sekulako esperientzia" da, eta alabarekin arraun egitea betirako geratuko zaio grabatuta. Ibarrentzat ere "oso esperientzia polita" da.
Garai desberdinetan, baina biek egin dituzte bide antzekoak. Getarian hasi, eta Zumaian buka. Garrastazuri dagokionez, 14 urterekin hasi zuen bidaia. "Garai hartan, batelak eta trainerillak zeuden; ez zegoen nesken trainerurik. Baina Getariako neska taldea desegin egin zen, eta nik jarraitzeko gogoa nuen. Zumaian bazegoen talde bat, eta hona etorri nintzen. Denboraldi bat egin, eta 18 edo 19 urterekin utzi nuen, 42 urterekin itzuli nintzen arte". Ibarrek ere goiz hasi zuen ibilbidea, eta amaren moduan egin zuen bidea. "Ni ere Getarian hasi nintzen, infantil kategorian, baina taldea desegin zen, eta Zumaiara etorri nintzen. Ama hemen ibilitakoa zen, eta jendea ezagutzen genuen; beraz, animatu egin nintzen".
Baina deigarria ez da biek ibilbide paraleloak egin izana, 26 urteren aldearekin traineru berean aritzea baizik, tosta berean gainera. Etxean nahikoa elkar ikusi ez, eta etxetik kanpo ere batera elkar aritzera ohitu dira Getariako ama-alabak. Ibarrentzat, hasieran arraroa izan zen ama aldamenean ikustea, baina gerora ohitu egin da. Garrastazuk, ordea, nahikoa izan zuen trainerura egokitzearekin. "Argiak gazte mailako lehen urtea zuen, eta lehen aldiz aritu zen traineruan; nik ere lehen aldia nuen. Ondoren, egia da biak tosta berean gaudela, baina bakoitza beste aldera begira. Hor bertan ez zara jabetzen; bakoitzak bere lana egiten du, eta nahikoa dugu horrekin".
Jarraitu erreportajea irakurtzen Berriaren webgunean.