Ekaitzak eta txingor zaparradak gertatzen dira sasoi honetan, baina atzoko txingor aleen tamaina ez da batere ohikoa.
Ez da askotan gertatzen, eta zaila da herri berean bi aldiz gertatzea. Euskalmeteko datuetan begiratuta, 2009ko uztailaren 1ean Gasteizen zortzi zentimetroko aleak bota zituen, disko formakoak. Kalte handiak eragin zituen. Azken hogei urteetan, Tolosan, Deba aldean eta Bilbon ere gertatu dira tamaina handiko txingor zaparradak. Gertatzen dira tarteka, baina leku ezberdinetan.
Atzoko ekaitza Zumaiatik gertu sortu zen?
Ez, ekaitza sortu zen Burgosen eta Araba hegomendebaldetik sartu zen. Murgian eta Otxandion ere txingorra utzi zuen. Iparraekialderantz egin zuen, Elgoibartik pasa zen eta Zumaiatik irten itsasora. Ibilbide osoan indar handia erakutsi zuen, baina handiena Zumaian. Zumaian bota zituen ale batzuk bost zentimetrokoak ziren.
Ekaitza hauek zer ezaugarri dauzkate horrelako txingor aleak sortzeko?
Ekaitza indartsuenak udan izaten dira. Azken finean aire beroa behar izaten da, eta ezegonkortasuna. Behean, aire beroa dago, eta goian, bertikalean, 5-6 kilometerora, aire hotza. Horrela sortzen dira ekaitzak. Azken finean, tenperatura kontrastea dago, aire beroak gutxiago pisatzen du eta gorantz egiten du, hotzak, beherantz, eta hortxe sortzen da ezegonkortasuna. Baina atzoko ekaitza bazituen beste ezaugarri batzuk.
Zeintzuk?
Aire beroak goranzko bide horretan indar ezohikoa hartzen duenean ez dio uzten aire hotzari jaisten, bizi iraupen handiago dauka, garapen bertikal handiagoa. Atzoko ekaitzaren oinarria lurrazaletik bi kilometrora zegoen eta gailurra, nolabait esatearren, 14-15 kilometrora. Hodei ikaragarri handia zen. Horiei deitzen zaie organizazio maila handiko ekaitzak.
Bai, baina nola sor daitezke txingor puska horiek hodei horien barruan?
Txingorra sortzeko, mikrofisikako prozesu asko daude kumuluninbo hodeietan. Pentsatu behar da hodei horietan ura dagoela oso baldintza ezberdinetan. Ur-tantak ez daude egoera berdinean bi kilometroko altueran edo 15 kilometroko altueran, besteak beste, tenperatura aldatzen delako. Orduan, pentsatu behean aire masa beroa daukagula eta gorantz hasten dela. Bi kilometrora dauden ur-tantak berekin daramatza gorantz, eta bidean talka egingo dute beste tanta batzuekin. Bost kilometrora, tenperatura 14 gradu zero azpitik da, tantak izoztuta daude, eta talka egitean itsasita gelditzen dira. Bola hori handitzen doan heinean pisua hartzen du eta lurrera eroriko da behetik goranzko indarra nahikoa ez denean. Baina atzokoan ezohiko indarra zuen aireak, eta bola edo txingor alea erortzen hasi arren, berriro gorantz bidaltzen zuen. Gora, behera eta berriro gora... Horrela behin eta berriro, eta prozesuan aleak handitu eta handitu. Prozezua ez denez konstantea, ale batzuk lehenago erortzen dira lurrera eta beste batzuk beranduago. Batzuek bost buelta egin ditzakete gora eta behera, erori aurretik; beste batzuek hogei. Azkenak handiagoak izango dira. Hori gertatu zen atzo Zumaian.
Txingor ale batzuk ikusita, denek ez dute forma borobila...
Ez, handienetan ikusten da geruzaka daudela osatuta. Hain zuzen ere, gora-behera egindako buelta horien adierazle.
Eta horrelako gertaerak ezin al dira garaiz aurreikusi?
Zehazki non lehertuko den eta zer tamaina izango duen, gaur egun, ezin da garaiz aurreikusi. Radarrean ikusi daiteke, baina oso epe laburreko iragarpena da, ez ia astirik ematen abisatzeko.